Lehenbiziko aldia da AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, jardunaldiak antolatzen dituela, Iruñean. Hala azaldu du Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak. Ekitaldia atzo arratsaldean egin zuten, Baluarte jauregian, baina UPN eta PP ez ziren egon, «biktimen alboan» omen daudelako. Goizeko agerraldian, biek ala biek gogor kritikatu zuten gobernua, AVTko lehendakaria eta ekitaldia bera.
Oso hitz gogorrak erabili zituzten Javier Esparza UPNko bozeramaileak eta Ana Beltran PPko bozeramaileak. «Lotsagarria da Nafarroako biktimei entzungor egin eta EH Bilduren txaloak jasotzea. Lotsagarria da Nafarroan ETAren terrorismoaren biktimei bizkarra eman eta EH Bilduk zure politikak babestea», esan zuen Esparzak. AVTren jardunaldietan «uste osoz» ez ziren egon; «biktimen alboan» daudelako. «[Uxue Barkosek] Nafar guztien lehendakaria izan beharko luke, baita biktimena ere, nahiz eta terroristen lagunen babesari esker den lehendakaria».
Esparzak esan zuenez, ETAren biktima nafar ehienak aurka ditu Nafarroako Gobernuak, eta horregatik ez ziren ekitaldian egon. Biktima horiek joan izan balira, han egonen zirela ere gaineratu zuen. Barkosi «harroa» izatea leporatu zion, eta gogoeta egiteko eskatu zion. «ETAren biktimak dira kontuan hartu behar diren lehenbizikoak, lehenbizikoak».
Beltran are gogorrago mintzatu zen. Gobernuaren kontra bakarrik ez, AVTko lehendakariaren aurka ere mintzatu zen, haren hitzek «Nafarroako ETAren biktimak eta edozein nafar zintzo» mindu dituelakoan. Espainiako Gobernuko ordezkaririk ere ez zen agertu ekitaldian.
EH Bildu ahotan izan zuten PPk eta UPNk ekitaldiaren eta gobernuaren aurka egiteko. Hala ere, koalizio abertzalea jardunaldietan egon zen. Erabaki hori normaltasunean kokatu zuen Maiorga Ramirez EH Bilduko bozeramaileak: «Zaila bada ere, urratsak egiten ari dira».
Geroa Baik eta PSNk hizpide izan zuten UPNren eta PPren jarrera. «Lotsagarritzat» jo zuen Martinezek; Txibitek, berriz, gogorarazi zuen gisa horretako ekitaldi guztietara joaten direla: «Ez dugu eginen honen erabilera politiko edo partidistarik, beste batzuek egiten duten moduan».
PSNren jarrera zalantzan jarri zuen UPNk: «Gu beti biktimekin gaude. Hori da PSNk egin beharko lukeena». Harriturik, kazetariek galdetu zuten ea PSN ez den biktimen alboan. Esparzak izkin egin zion galderari, esanez «gutxienik» ekitaldian parte hartuta ez diotela jarraitzen «Nafarroako biktima gehienen» bideari.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide