2010eko urrian egin zen Gipuzkoako Auzitegian, hamabost guardia zibilen kontrako epaiketa. Hauek dira Portuk eta Sarasolak epaiketan emandako lekukotzak:
Igor Portu
2008ko urtarrilaren 6an, Udalatik Arrasatera jaitsi ziren, eta orduan ikusi zituzten Guardia Zibilaren patrolak. Ez zuten pentsatu beraiengana joango zirenik, baina «abordatu» zituzten. Nortasun agiriak eta motxilak eskatu, bidearen beste aldera joateko agindu, eta han eduki zituzten. Motxila batean bi pistolaren eta munizioaren paketeak topatu zituztenean «urduri eta oldarkor» gerturatu zitzaizkiela jakinarazi zuen Portuk, eta bakoitza patrol batean sartu zutela.
Herrian hasi ziren kolpeak, Porturen arabera. Azaldu zuen ez zuela ikusten ondo nora joan ziren, baina aldapa bat igo zutela gora eta eskuinetara. Mendialdean aparkatu zuten. Sarasola patrol batetik atera zutela eta mendian behera eraman zutela ikusi zuela kontatu zuen. Sarasola berriz ibilgailura eraman zuten arte barruan eduki zuten bera, kolpeka, mehatxuka eta garrasika. Sarasola autoan sartu zutenean bera atera zuten. Hura izan zen Porturentzat inkomunikatuta eduki zuten denborako unerik bortitzena. Hiru edo lau agenteren artean bultzaka eta ostikoka mendian behera eraman zutela berretsi zuen, erreka baten ondora. «Egundoko ostikadak eman zizkidaten, eta ukabilkadak saihetsetan, tripan... gorputz osoan. Indartsu eman zizkidaten, eta asko. Arnasarik hartu ezinik lurrean geratu nintzen». Kolpeak jasotzen ari zela apnea ona al zuen galdetu zioten, etorriko zena iragarriz. «Orkatiletatik heldu, eta burua uretan sartu zidaten. Eskuarekin indarra egin, eta 'traga dezala' esaten zuten». Erreka hark belaunetarainoko sakontasuna zuela azaldu zuen Portuk auzitegian, baina hala ere handik atera ezinda geratu zela: «Erabateko itomena neukan». Patrolera eraman zuten, eta abisu eman zioten haiek hasierako hogei minutu besterik ez zirela eta bost egun zituztela, berarekin «nahi zutena» egiteko.
Intxaurrondora eraman zuten. Hor ere torturatu zutela azaldu zuen, potroetan estutzen zutela, flexioak eginarazi zizkiotela eta manta batekin bilduta gainean jarri zitzaizkiola. Lesakara eraman zuten; bera bizi zen etxea miatu zuten aurrena, eta gurasoena gero. Gorputza oso minduta zuenez eta arnasa hartzeko arazoak zituenez, esertzeko baimena eskatu zuen: «Ezin nintzen zutik egon, oso ahul nengoen». Auzi medikuari ezer ez kontatzeko mehatxu ere egin zioten, baina bere burua «oso gaizki» ikusita, kontatzea erabaki zuen.
Mattin Sarasola
Inkomunikazioko lehen orduei dagokienez, antzeko kontakizuna egin zuen Sarasolak ere. Esan zuenez, patrolean sartu zutenean hasi zen bera kolpeak, mehatxuak eta biraoak hartzen. Mendira eraman, eta maldan behera jaitsi zuten. Pistola jarri zioten lokian, hilko zutela mehatxatuz, Mikel Zabalza bezala hilko zutela. Bultzaka eraman zuten aldapan behera, eta han jipoitu zutela kontatu zuen. Gorakoan, autora bidean berriz erori zen, eta berriz jipoitu zuten. Patrolean sartu zuten. «Tarteka atea irekitzen zuten, eta jipoitu egiten ninduten». Gehienbat aurpegian eta saihetsetan jo zutela kontatu zuen. Kolpez eta mehatxuz jositako bidaian handik Intxaurrondora eraman zutela azaldu zuen Sarasolak. Kuartelean hasi zitzaizkion anaia atxilotzearekin mehatxu egiten. Hor ere jo zuten. Madrilera bidean etengabe jo zuten, eta potroak estutu zizkioten: «Aulki batean eseri, eta besoak lotzen zizkidaten. Poltsa jartzen zidaten buruan, gehiago ezin nuen arte». Gertatutakoa auzi medikuari zergatik ez zion kontatu galdetuta, argitu zuen mehatxuekin izututa zegoela. Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaskari eman zion guztiaren berri, hark espetxera bidali aurretik deklarazioa hartu zionean. «Banekien bost egun igaro eta gero ez nintzela berriz haien eskuetara itzuliko».
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide