'Cabacas auziaren' epaiketa urriaren 15ean hasiko da

Urriaren 15ean hasiko da Cabacas auziaren ahozko epaiketa, eta azaroaren 9ra arte iraungo du. Sei ertzain epaituko dituzte, «zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa» leporatuta. Horietatik hiruk arduraren bat izan zuten polizia operatiboan, eta beste hiruk tiro egin izana aitortu zuten.

Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo zuen Iñigo Cabacas, 2012ko apirilaren 5ean, Athleticen garaipena ospatzen ari zela. Bost egun geroago hil zen. Luzea, korapilatsua eta oztopoz beterikoa izan da ikerketa. Baina iazko apirilean, hilketa gertatu eta bost urtera, Ana Torres Bilboko Auzitegiko instrukzio epaileak bide eman zion epaiketa egiteari. Orain, horretarako data jarri du auzitegiak.

Cabacas-Lizeranzu sendiaren abokatu Jone Goirizelaiak txalotu egin du erabakia. «Berri ona da: azkenik, ahozko epaiketa zabalduko da, froga guztiak aurkeztuko ditugu, eta Iñigorentzat eta familiarentzat justizia izango da».

Akusatuen aulkian eseriko dira polizia operatiboan nolabaiteko ardura izan zuten hiru ertzain —bat arduraduna zen, lekuan bertan, eta beste biek furgoneta banaren ardura zuten—. Operatibo berean tiro egin izana aitortu zuten hiru ertzain ere epaituko dituzte, hasiera batean instrukzio epaileak auzitik atera arren.

Fiskalak aurreratu du bere jarrera: absoluzioa eskatuko du auzipetuentzat, instrukzioaren ondoren delitu zantzurik ez duelako ondorioztatu haien jardunean.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide