ETA-REN ADIERAZPENA

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko mai. 4a, 00:00
ETAk Euskal Herriari, azken adierazpena:

ETAk, nazio askapenerako erakunde sozialista iraultzaileak, bere ibilbidearen bukaeraren berri eman nahi dio Euskal Herriari, ETAko kidegoak Erakundearen ziklo historikoa eta funtzioa amaitutzat jotzeko proposamena berretsi ostean. Erabaki horren ondorioz:

ETAk bere egitura guztiak erabat desegin ditu.

ETAk bere ekinbide politikoa bukatutzat jo du. Ez da berriro posizio politikoak adierazten, ekimenak sustatzen eta gainerako aktoreak interpelatzen dituen eragile bat izango.

ETAko militante izandakoek beste eremu batzuetan jarraituko diote Euskal Herri bateratu, independente, sozialista, euskaldun eta ez patriarkalaren aldeko borrokari, norberak egokien irizten dion tokian, betiko arduraz eta zintzotasunaz.

Frankismoaren atzaparretan itota eta Estatu jakobinoak asimilatuta, Euskal Herria hilzorian zegoela jaio zen ETA eta orain, 60 urte geroago, bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat bizi da, eremu eta arlo ezberdinetan askok egindako lanari esker, belaunaldi ezberdinek egindako borrokari esker.

Euskal Herriaren eta estatuen arteko gatazkan ETAk ziklo bat itxi nahi du, biolentzia politikoaren erabilerak ezaugarritu duen aroa, hain zuzen ere. Halere, estatuek tematuta segitzen dute gure herria aurreko ziklo horretan kateaturik mantentzeko, konfrontazio politiko soilean duten ahultasunaz jakitun eta gatazkari bere osotasunean konponbidea emateak ekarriko lukeen egoeraren beldur. ETAk, ordea, ez dio egoera demokratiko horri inongo beldurrik, eta horregatik hartu du Erakundeak erabaki historiko hau, askatasunaren eta bakearen aldeko prozesuak beste bide batetik egin dezan aurrera. 2011n borroka armatua behin betiko uzteko hartutako erabakiaren ondoko segida logikoa da.

Indar metaketa, herri aktibazioa eta ezberdinen arteko akordioak ardatz izango dituen herri prozesu bat eraikitzea izango da aurrerantzean erronka nagusia, bai gatazkaren ondorioei aurre egiteko bai gatazkaren muin politikoari eta historikoari heltzeko orduan. Nazio aitorpena lortzeko erabakitzeko eskubidearen egikaritzea izango da gakoa. Ezkerreko independentismoak Euskal Estatua sortzeko norabidean egingo du lan.

Erdietsi nahi dugun fase historiko berri horren mesedetan hartu dugu, beraz, azken erabakia. ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!

JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!

Euskal Herrian, 2018ko maiatzaren 3a

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide