Euskal presoen urrunketa amaitzeko exijitu dute hainbat eragilek

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko uzt. 3a, 00:00

Bi lagunek auto istripua izan zuten igande arratsaldean Teruelen (Aragoi, Espainia), Garikoitz Garcia Arrieta euskal presoa bisitatzetik zetozela, eta Etxerat-ek salatu du urrunketak eragindako laugarren istripua izan dela aurten. Orain Presoak plataformak espetxe politika aldatu beharraz hitz egin du, eta Sortuk eta EH Bilduk urrunketa lehenbailehen amaitzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Picassenten (Alacant, Herrialde Katalanak) dago Garcia Arrieta, Euskal Herritik 540 kilometrora. Onik daude ezbeharra izandako bi lagunak.

EH Bilduko bozeramaile Arnaldo Otegik presoak gerturatzearen aferan «aurrerapausoak» eman daitezkeela dio, Frantziako Estatuan eman diren bezala, eta azaldu du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean EAJrekin lanean dabiltzala horretarako. Otegik uste du ETAk bakerako urrats garrantzitsua egin zuela desegitea erabakita, eta oraingoa «abiada handiko garai historikoa» dela. Sortuk «salbuespen» politika amaitzea galdegin dio Espainiako Gobernuari. Politika hori «errepresio» estrategia baten barruan aplikatu zela gogorarazi du, eta bukatuta behar lukeela gaineratu.

Orain Presoak plataformak ere azpimarratu du espetxe politika aldatu behar dela. Mikel Casado bozeramaileak dio positiboa izan daitekeela presoek barkamena eskatzea edota sentitzen dutela esatea modu zintzo batean, baina ez duela ezinbestekoa izan behar kaleratzeko: «Espetxe onurak lortzeko barkamena eskatu beharra ez da onargarria».

Elkarretaratzeak asteon

Urrunketa eta sakabanaketa politika behin betiko amaitzeko exijitu dio Etxerat-ek Madrili, eta euskal herritarrak deitu ditu elkarretaratzeetan parte hartzera. Bilbon gaur izango da, 19:30ean, Arriaga plazan. Donostian eta Gasteizen, bihar: Donostian 19:00etan, udaletxe ondoan, eta, Gasteizen, 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide