Nire dantza laguna

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko abu. 23a, 00:00
Preso nago zazpi urte eta erdi honetan, Madril II kartzelan. Urruti daude jada presoaldiko lehen egun haiek, baina oraindik gogoan ditut zenbait alderdirengatik; are gehiago, honako lerro hauek idazten ari naizen garai honetan. Patiora lehen aldiz joan nintzenean, harrituta geratu nintzen ikusirik presoak bikoteka zebiltzala paseoan, berriketa bizian; oharkabean pasatzeko modukoa izango zen, bikote batzuk ez balira izan nigeriar batek eta ukrainar batek osatuak, edo kolonbiar batek eta serbiar batek, edo askotariko arraza, etnia eta nazionalitate ezin bereziagoetako jendeak.

Duela zenbait hilabetetatik hona, bikote lagun dut ETAko kide historiko bat: Manu Azkarate. Eta hona hemen gure bikote honen gauzarik bitxiena: testu hau izenpetzen duen hau bizkartzaina izana duzue Euskal Herrian, 1996tik 2003ra. Ideologia aldetik bakoitza mutur batean egonagatik ere, probetxuzkoa gertatzen ari zaigu elkarbizitza. Kartzelako presoen artean, oso handiak dira analfabetismo indizea eta kultur prestakuntzarik eza. Preso beteranoek beti hitz egin izan didate ETAko preso politikoen arteko elkartasunaz, eta elkarri irakasten zietela nola formulatu kexak eta nola aurkeztu salaketak, kartzelazainek eragindako tratu laidogarriei buruzkoak, eta jakin-min horrengatik hurbildu nintzaion Azkarateri.

Egoera halakoa izanik, ezagutarazi beharra daukat nolako tratua ematen dieten euskal presoei; izan ere, ni neu ikusita nago nola indarrez biluzarazi zuten Azkarate miatze fisiko horietako batean, hari intimitate eta osotasun pertsonalerako eskubidea urratuz. Oraindik orain, halaber, modulu bateko kide guztiak miatu zituzten, baina barruko beste presoekin erabilitako metodoa eta Azkarateren kontra erabilitakoa guztiz bestelakoak izan ziren. Hura ez zen izan miatze huts bat, baizik eta bandalismo egintza neurrigabe bat, barbaroen hordek beste tribu batzuk konkistatzean egiten zituztenak bezalakoa. Harrigarria da Azkaratek jarrera pasibo eta isila hartu izana halako izugarrikeria jasanda, nahiz eta gero uko egin zion ziega batzeari, eta, horregatik, bi diziplina espediente abiarazi zizkioten, eta, neurri hertsagarri gisa, beste ziega batera aldatu zuten, zimitzez, armiarmaz eta bestelako intsektu pozoitsuz beteriko batera.

Ez naiz ni preso eredugarri esaten diotenetako bat, eta, batez ere kartzela zigorraldiaren hasieran, fisikoki eta hitzez aurpegi eman izan diet kartzelazainei, baina sekula ez dut jasan jazarpen psikologikorik edo tormentuzkorik, azken hilabete hauetan Manu Azkaraterekin bizi izaten ari naizenarekin alderaturik. Duela urte batzuk, nik neuk bizkartzain gisa eta Manuk ETAko militante gisa, aurrez aurre zeuden lubakietan geniharduen borrokan; haren egitekoa eragoztea zen nire egitekoa. Lan jardun amaigabean aritua naiz pertsonen bizkartzain, nahiz eta kasu askotan -eta ideologiak ideologia- ez zuten merezi nire ardura profesionalik; baina hori guztia ez da inolako oztopo Manurekiko ez ezik ETAko preso politiko guztiekiko ere elkartasunez jardun dezadan, arrazoi osoz; izan ere, ondotxo dakit nire gaur egungo dantza laguna bezala edo are okerrago tratatzen dituztela. Holakorik kontatu izan balidate Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura jardun nuenean, edota Barne Ministerioarentzat Errenterian, Hernanin, Donostian eta Zarautzen, ez nuen berehalakoan sinetsiko.

Qui non intellignit, aut tareat, aut discat.

Mecon, 2018ko uztailaren 12an

Francisco. M. Espinosa Martínez

Hiri Segurtasunerako zuzendari espezialista

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide