"Hatz puntetan" Donostiako galdeketaren abestia aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko urr. 17a, 13:24

Azaroaren 18an, estatus politikoa erabakitzeari buruzko galdeketa egitekoak dira Donostian -baita Irunen (Gipuzkoa), Balmasedan, Zallan eta Alonsotegin ere (Bizkaia)-, eta hilabete falta dela aurkeztu dute Donostiako kontsultarako prestatu duten abestia eta bideoklipa. "Hatz puntetan" izena jarri diote abestiari.

Joserra Senperenak sortu eta ekoiztu du, eta Harkaitz Canok egin dizkio letrak. Hiriarekin lotura duten kultura eta kirol arloko eragile eta musikari ugarik parte hartu dute abestian. 65 lagunek baino gehiagok hartu dute parte ekimenean: besteak beste, Ramon Agirre, Zuriñe Hidalgo, Xabi San Sebastian, Olatz Salvador eta Xabier Euzkitzek; Koban eta Ze Esatek! musika taldeek; Iker Lauroba, Jose Ignazio Ansorena eta Pako Diaz musikariek…

Galdeketa eguna antolatzeko lanetan hasiak dira, eta ezarrita dituzte bozkalekuak. Egun horretan boluntario izateko epea ere zabalik dago. Aurrez, ordea, "kalejira erraldoi" bat egingo dute urriaren 28an; egun horretan iritsiko dira hautetsontziak lehen aldiz Euskal Herriko hiriburu batera. Dantzatu dezagun erabakia lelopean, musikaz, dantzaz eta jendez bete asmo ditu kaleak Gure Esku Dago-k. 11:30 aldera hiru zutabe Bulebarrerantz abiatuko dira; Zurriolatik, De Bilbao plazatik eta Vinuesa plazatik.

Auzo bakoitzak bere zatia izango du kalejirako zutabe horietako batean. 12:30ean parte hartzaile guztiak Bulebarrean elkartuko dira, Alde Zaharra zeharkatuko dute eta 13:00etan ekitaldiarekin emango diote amaiera, Kaian. Hautetsontzien iritsierarekin batera, bozka aurreratuaren hasiera iragarriko da egun horretan. Alor anitzetako eragileek parte hartuko dute.

Irunen ere gisa bereko ekimena antolatzen ari dira urriaren 27rako, Goazen hautetsontzien bila goiburupean. 17:30ean hasi eta 18:30ean amaituko da, ekitaldi nagusiarekin, Txanaleta plazan.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide