'Terrorismoa Espainian' unitate didaktiko berria aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko aza. 21a, 00:00

Belaunaldi berriek ezagutzea «Espainiak nola sufritu duen terrorismoaren erruagatik, nola borrokatu den horren aurka, eta nola borrokatzen ari den oraindik ere»; hori da Espainiako Gobernuak aurkeztu duen unitate didaktiko berriaren helburua. Terrorismoa Espainian du izenburu, DBHko 4. mailako ikasleentzat da, eta Terrorismoaren memoria eta prebentzioa izeneko programaren lehenengo unitatea da —orotara, zazpi izango dira—.

Espainiako Gobernuko bi ministrok, Isabel Zelaa Hezkuntzakoak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, aurkeztu dute unitate didaktikoa. Nabarmendu dutenez, biktimen lekukotzak ere txertatu dituzte unitatearen edukietan, «balio handiko tresna pedagogikoa delako eta bizikidetzarako hezkuntzari ekarpen handia egiten diotelako, irizpide pedagogikoek bermatuta baldin badago», Zelaak azaldu duenez.

GAL, zerrendatik kanpo

Unitateak lau atal ditu. Lehenengoan, «terrorismoaren definizioa» agertzen da, haren ezaugarriak, eta «Espainian aritu diren talde terroristen sailkapena» ideologiaren arabera. Sailkapen horretan lau multzo agertzen dira: «nazionalista erradikalak», eskuin muturra, ezker muturra eta jihadismoa. Multzo bakoitzeko «talde nagusiak» zerrendatzen dira, baina, esaterako, GAL ez da zerrenda horietan agertzen.

Hurrengo hiru atalak kronologikoki antolatuta daude, eta frankismoa, trantsizioa eta 1982tik aurrerako aroa jorratzen dituzte, hurrenez hurren. Frankismoaren atalean, testuak azaltzen du «terrorismoaren agerpena» ez dagoela ezinbestean loturik «Espainian diktadura bat egoteari», inguruko herrialde demokratiko batzuetan ere talde armatuak agertu zirelako.

Azken atalean, 1982tik aurrerako garaia aztertzen duenean, GALen jarduera aipatzen da, eta «hautetsi, polizia eta guardia zibil batzuk horretan nahasita» egon zirela zehazten da. Espainiako Poliziak ETAren kontra egindako borroka aipatzen denean, berriz, hura «legea errespetatuz» egin zela agertzen da testuan.

Horren osagarri, zenbait biktimaren testigantzak, proposatutako ariketak, irudiak eta antzekoak ere agertzen dira unitate didaktikoan. Eranskin moduan, informazio gehigarria eskuratzeko baliabide batzuk proposatzen dira; batez ere, sarean aurki daitekeen dokumentazioa eta ikus-entzunezko materiala.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide