Ostiralean EH Bilduren osoko zuzenketarik ez egotea espero du Azpiazuk

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko aza. 28a, 00:00

Ostiralerako epea dute Eusko Legebiltzarreko alderdiek 2019ko aurrekontu proiektuari osoko zuzenketak egiteko, eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak adierazi du konfiantza duela EH Bilduk halakorik aurkeztuko ez duela. Negoziazioetan lanean segitzen dutela, eta «lan positiboa» egiten ari direla ere nabarmendu du sailburuak.

EAJk eta PSEk osatutako gobernuak beharrezkoa du EH Bilduren babesa aurrekontuak aurrera ateratzeko, izan ere, Elkarrekin-Podemosekin eta PPrekin hautsi dituzte negoziazioak. EH Bilduk, berriz, bi abstentzio eskainiko dituela esan zion Jaurlaritzari, baldin eta pentsioen diru sarrera igotzen badu. Joan den astean bildu ziren Jaurlaritzako kideak eta koalizioko ordezkariak negoziazioekin jarraitzeko, eta, adostasunik lortu ez bazuten ere, akordiorako lanean segituko zutela hitzeman zuten bi aldeek. Hain justu, gaur eguerdian egingo dute Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideek prentsaurrekoa, elkarrizketak zertan diren argitzeko.

«Bonba atomikoa»

Aurrekontuak negoziatzeko aukera bakarra du orain Eusko Jaurlaritzak EH Bildurekin, baina Alfonso Alonso PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako buruak esan du bere alderdia prest legokeela aurrekontuen inguruan aritzeko, EAJk EH Bildurekin akordiorik egin izan ez balu: «Pedro Sanchezen zentsura mozioaren ostean ere prest geunden elkarrizketarako, baina EAJk EH Bildurekin herri akordio bat nahi du». Estatutu berriaren inguruko aurreakordioaz ari da Alonso, eta«bonba atomiko bat» eraikitzea egotzi dio EAJri: «Jendeak uste du ez dutela erabiliko, orduan zertarako fabrikatzen dute lehergailua?».

Azpiazuk eskatu du «zuhurtziaz»aritzeko aurrekontuekin, eta adierazi du espero duela negoziazioek «ongi amaitzea». Hala ere, oraindik ez du koalizioarekin beste bilera baterako egunik finkatu.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide