Konstituzioan «nazio aitortza» jasotzearen alde mintzatu da EAJ

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko abe. 7a, 00:00

Espainiako Konstituzioaren erreformari ekingo baliote, aldaketa horrek ezinbestean «Euskadiren nazio aitortza» jaso beharko luke. Hala adierazi du Jokin Bildarratz EAJk Espainiako Senatuan duen ordezkariak. «Arazoak ez dira konpontzen begiak itxita eta errealitateari bizkarra emanda», esan du.

Espainiako Konstituzioaren urteurrenean, Bildarratzek gogorarazi du euskal herritarren %30ek baino ez zutela aldeko botoa eman duela berrogei urte, hura onartzeko antolatutako galdeketan. Bildarratzek «deigarri» iritzi dio horri, «beste hainbat esparrutan ehunekoak eta gehiengoen osaera auzitan jartzen diren garaian». Gainera, senatari jeltzalearen iritziz, herritarren urruntze hori «egunez egun» areagotzen ari da, «Konstituzioak ez duelako laguntzen planteatzen zaizkion arazoak konpontzen».

Bestalde, Bildarratzen ustez, Konstituzioa bera eta legea betetzen ez direla ikusteak ez du laguntzen herritarren urruntze hori gainditzen, eta Gernikako estatutuaren adibidea jarri du: «Auzitan jartzen dira argi eta garbi dagozkigun eskuduntzak, eta, beste alde batetik, ez zaizkigu aitortzen Gernikako estatutuan ezarritakoaren arabera dagozkigun eskubideak».

Horregatik, nazio aitortza Espainiako Konstituzioan jasotzea proposatu du Bildarratzek, eta galdetu du «nazio errealitateak aitortzeak zer kalte» egingo liokeen «horrenbeste defendatzen duten estatuari».

Dena dela, jeltzaleek badakite Espainian orain nagusi den joera kontrakoa dela; horregatik, «birzentralizazioaren kontrako harresia» eraikitzen jarraituko dutela esan du Bildarratzek.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide