EH Bilduk eta ERCk akordioa sinatu dute Genevan

Erabiltzailearen aurpegia berria 2019ko api. 21a, 00:00

Espainiako Gorteetan elkarlanean aritzeko akordioa sinatu dute EH Bilduk eta ERCk, Genevan (Suitza). Zehazki, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia bildu dira hitzarmena sinatzeko. Akordioaren berri martxoaren 25ean eman zuten arren, atzo sinatu zuten bi alderdietako kideek, Suitzako hirian. Izan ere, han dago erbesteratuta Rovira, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako auzia dela eta. ERCko bigarrena da Rovira, baina, alderdiko burua, Oriol Junqueras, espetxean da gaur egun.

Hitzarmena sinatzera Genevaraino joan behar izateak frogatzen du «salbuespen egoera» dela hau; hala adierazi du Otegik, eta ohartarazi du «autoritarismoa zabaltzen» ari dela, ez bakarrik Europan, baita Espainian ere. «Guk uste dugu benetan balio duten taulak biderkatzekoak eta gehitzekoak direla, eta ez zatiketenak. Horregatik gai izan gara beharrezko konplizitatea sortzeko, bidean elkarrekin aurrera egiteko».

Bi indarrak elkarlanean arituko dira Espainiako Gorteetan, haien eragina «biderkatzeko» helburuarekin. Haien xede nagusiak dira Euskal Herriarentzako eta Kataluniarentzako autodeterminazio eskubidea onarraraztea, preso politikoak askatzea eta desadostasunak amaitu eta botere ekonomikoaren indarrari galga jarriko dion aldaketa bat bultzatzea.

Hain justu, Otegi eta Roviraz gain, Genevan izan dira EH Bilduko Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaiak, Bel Pozueta, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta eta ERCko Marta Vilalta bozeramailea eta Joan Tarda orain arte Kongresuko diputatu lanetan aritu dena.

Orain Errepublikak

Datorren igandeko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara Orain Errepublikak izenaren pean joango dira bi alderdiak, baina, Europako Parlamentuko hauteskundeetarako ere egin dute akordioa. Datorren maiatzaren 26an izango dira bozak —udal eta foru hauteskundeen egun berean—, baina, kasu horretan, ERCrekin eta EH Bildurekin ez ezik, alderdi gehiagorekin ere lortu dute elkarlanerako akordioa. Besteak beste, Galiziako BNGk ere bat egin du Orain Errepublikak proiektu politikoarekin. Oriol Junqueras da hautagaitza horretako zerrendaburu, eta Pernando Barrena bigarren.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide