Mahaia handitzeaz hizketan hasiko dira gaur

Erabiltzailearen aurpegia berria 2019ko eka. 25a, 00:00

Gaur elkartuko dira lehenengoz Nafarroako Parlamentuko Mahaiko eta Bozeramaileen Batzordeko ordezkariak. Joan den ostegunean eratu zen Mahaia, Unai Hualde Geroa Baiko kidea presidente izendatuta, eta gaur egingo dute lehen bilera, 10:30ean. Besteak beste, Parlamentuko Mahaia handitzearen eskaeraz arituko dira, baita uztaila lanerako hilabete izendatzeko proposamenaz ere. Gainera, Mahaiak talde parlamentarioak eratzeko ardura izango du. Datorren legegintzaldirako parlamentuko aulkiak eta bulegoak ere banatuko dira gaurko saioan.

Bost taldek egin dute talde parlamentarioa osatzeko eskaera: Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerra-Mistoak. Ahal Dugu-k, berriz, bi ordezkari ditu Nafarroako Parlamentuan, eta ebatzi dute Nafarroako Ahal Dugu-ren elkarte parlamentario izena erregistratzea.

Gaur-gaurkoz, Geroa Baik, PSNk eta EH Bilduk ordezkari bana dute Parlamentuko Mahaian -azken unean lortu zuten akordioa Hualde presidente egiteko eta EH Bilduko Maiorga Ramirezek lekua izateko-, Navarra Sumak, berriz, bi kide ditu Mahaian. Halaber, PSNk eta Geroa Baik adostu zuten mahaian beste bi kide egoteko beharrezko prozedura juridikoa aztertuko zutela egunotan. Hain justu, gaur dira gai horren inguruan hitz egitekoak; ados jarriz gero, PSNk beste ordezkari bat luke, eta Ahal Dugu-k, berriz, bat.

Mahaia zabaltzeko eskaera

Nafarroako Parlamentuko presidentea hautatzeko negoziazioak luze jo zuen joan den astean, eta, azken unean, PSNk babesa eman zion Hualderi. Geroa Bairen baldintza zen EH Bilduk ordezkaritza izatea Mahaian, eta hori adostu zuten PSNrekin -ez zuen eragotzi Ramirezen hautagaitza, baldin eta mahaiko kideak bost izatetik zazpi izatera pasatzeko beharrezko bide juridikoa aztertzen badute. Horri bide emango diote gaurko bileran.

Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea osatuta, Nafarroako lehendakaria hautatzea da hurrengo pausoa. Hualdek hamar egun ditu lehendakarigaiak proposatzeko, eta, horretarako, asteazkenean abiaraziko du bilera sorta. Ostiralerako prozesua amaitzea espero du Hualdek. Inbestidura saiora deitu beharko luke gero, gutxienez hiru eguneko tartearekin iragarrita.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide