Ruiz: "Ez dugu atzerapausorik onartuko"

Erabiltzailearen aurpegia berria 2019ko abu. 1a, 21:00

"«Guk herritarrekin daukagu konpromisoa". Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak horrela azaldu du koalizio horrek zergatik erabaki duen Maria Txibiteren inbestidura ahalbidetzea. Ezetz bozkatu zuten atzo, baina gaur abstentziora joko dute bost parlamentarik. Ruizek ohartarazi duenez, edonola ere, horrek ez du esan nahi PSNrekin konpromisorik hartu dutenik. Ziurtatu du oposizioa egingo dutela: "eztabaidatzeko prest" daudela, baina "aurrean" izango dituztela. "Ez dugu atzerapausorik onartuko".

2011n Yolanda Barcinaren inbestidura saioan esandako hitzak errepikatuz abiatu du mintzaldia Ruizek: "harro" daudela EH Bildu parlamentuan egoteaz, eta "ilusioz eta konpromisoz" erantzungo diotela herritarren babesari. Salatu du, ordea, gauza batzuk berdin daudela 2011n eta orain; zehazki, sozialistek ez dutela onartu EH Bildu aintzat hartu behar dela eskuinari aurre egiteko: "Hori erakusten dute aritmetikak eta sen onak". Horrekin lotuta, "politika fikzioa" egin izana leporatu dio Ruizek Txibiteri.

Hautagai sozialista "elkarbizitzaren eta elkarrizketaren" alde mintzatu da hitzartzean, eta Ruizek aurpegiratu dio EH Bildu baztertu egin duela negoziazioetatik. Nabarmendu du "marra gorri" bakarra jokabide hori izan beharko litzatekeela: "Harrokeria, sektarismoa eta bazterketa". Hitzetatik harago, agindutakoa ekintzen bitartez erakusteko eskatu dio EH Bilduk Txibiteri: "Ez ezazu errepikatu konfiantza hitza: irabaz ezazu". Ruizek ohartarazi du alderdi sozialistak aldarrikatutakoaren "kontrakoa" egin izan duela orain arte, eta esandakoa benetan egiteko eskatu dio: "Hitzak haizeak eramaten ditu".

Ruizek berretsi du gaurko bozketan abstentziora joko duela EH Bilduk. Nabarmendu du sakon hausnartu dutela zer egin: barne prozesu baten ostean hartu dute abstentziorako erabakia -koalizioko kideen artean kontsulta egin dute-, eta Ruizek ohartarazi du ez diotela botoa emango ez PSNri, ez gobernuari. Inbestidura ahalbidetzeko hiru arrazoi daudela adierazi du: "Nafarroako erregimenaren berrosaketa" eragoztea, Navarra Suma gobernuan ez sartzea, eta "giltza" izanik lortuko duten posizioaz baliatzea. "Guk lanean jarraituko dugu Nafarroa demokratikoago, burujabeago eta duinagoaren alde".

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide