Frantziak Xabier Goienetxea gerturatu du

Erabiltzailearen aurpegia berria 2019ko ira. 12a, 00:00

Frantziako Gobernuak Xabier Goienetxea Iragorri euskal presoa (EPPK) Mont-de-Marsango espetxera (Okzitania) hurbildu du, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Orain arte, Fresnesko kartzelan zeukaten, Euskal Herritik —Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta— 870 kilometrora. Mont-de-Marsan 215 kilometrora dago. Paris iazko otsailean euskal presoak hurbiltzen hasi zenetik, Goienetxearen mugimendua halako 28.a izan da; horietatik hemezortzi Mont-de-Marsanera eraman dituzte, eta hamar, Lannemezanera.

2015ean atxilotu zuten Goienetxea, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), Iñaki Retarekin batera, ETAren «aparatu logistiko-militarraren» aurkako operazio batean. Iazko abenduan izan zen epaiketa, eta Retak azaldu zuen ETAren armagabetze prozesuan haren «zuloak ixteko helburua» betetzen ari zirela. Auzitegi Korrekzionalak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zien Retari eta Goienetxeari; aurrenekoa Fresnesen dute preso.

Frantziako Estatuan gaur-gaurkoz 39 euskal preso daude: EPPK-ko 38 eta AEM inguruko bat. Euskal Herritik hurbilen diren bi kartzeletan 26 dituzte: hamahiruna Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide