Sanchez, Casadoren zain

Erabiltzailearen aurpegia berria 2019ko aza. 11a, 09:46

Modu eraginkorra topatu beharko du PPren hautagai Pablo Casadok eskerrak emateko PSOEren buruzagi Pedro Sanchezi, sekulako mesedea egin zielako, Casadori berari eta PP alderdiari, hauteskundeetara berriro deituta.

Apirileko hauteskundeetan oso emaitza txarra lortu zuen Casadok, 66 eserleku, eta oso gertu eduki zuen hauteskundez hauteskunde goraka zihoan Rivera Ciudadanosekoa, 57 eserlekurekin. Larri ibili zen Casado gau hartan, dimisioa emateko gertu. Apustu bakarra zeukan hauteskunde hauetarako Casadok, emaitzak zer edo zer hobetuta, bere burua salbatzea. 87 lortu ditu, nahikoa alderdiko buru segitzeko. Ciudanosek 10 eserleku lortu ditu bakarrik, urte askotan alderdi batek jasan duena jaitsierarik handiena. Benetan IBEX 35 klubekoen apustua ote zen?

Nola eskertuko dio mesede hori Casadok Sanchezi? Abstentzioa emanez Sanchezen izendapenean. Erraza daukate erabakiaren zuriketa Genovako egoitzan: erakundeen egonkortasunaren beharra, Europaren aurrean Espainiak ezin du segitu irudi hori ematen, ekonomia hozten hasia da... Leun jardun zuen atzo gauean Casadok Sanchezi baldintzak jartzeko orduan: «Arduratsu jokatuko dugu, eta exijenteak izango gara Sanchezekin, ea zer proposatzen duen».

Oso kalkulu txarra egin zuen Sanchez sozialistak ateak itxi zizkionean udan Unidas Podemosekin akordioa egin eta koalizio gobernua osatzeari. Apirileko hauteskundeen ondoren, teorian errazago izanda, uko egin bazion ezkerreko akordioa egiteari, bide beretik segituko beharko luke emaitza berria ikusita. Non eta PPren gorakada eta Voxen emaitza bikaina ikusita, ez den PSOE paniko egoeran sartzen eta duela hilabete batzuk infernuko etsaiaren alderdia zena, Unidas Podemos, gaur egun bere salbazio taula den.

Gaizki, oso bizkorra dela etengabe esaten ari direnen etsipenerako, oso gaizki atera zaio Sanchezi apirileko akordio ezaren errua Pablo Iglesiasen alderdiari egozteko estrategia; berak ez du lortu, deitura biribila daukan donostiarrak diseinatu zionez, moreen jaitsierari -42tik 35era- onura ateratzea, eta PPri salbatzeko aukera eman dio.

Vox alderdiaren gorakadak, horrenbestekoa izanda, behar du ohiko azalpena baino zerbait burutsuago. Ciudadanosen jaitsierak ez du berak bakarrik azaltzen VOXen gorakada, eta argigarria izan liteke aztertzea, bere garaian Frantzian PCFtik (Alderdi Komunista) Jean Marie Le Penen Front National alderdira langile klasearen botoak joan ziren bezala, ezkerrari botoa eman ohi dioten zenbait langile ere hasi ote diren Espainian -Katalunia, immigrazioa, politikaren deskreditua...- Voxi botoa ematen. Frantzian abiatu zen ezkerretik eskuin muturrerako boto mugimendu hori eta, geroztik, hainbat estatutan errepikatu da.

Euskal Herriko alderdi abertzaleek, EAJk eta EH Bilduk, hobetu egin dituzte apirileko emaitzak, eserleku bana irabazita: EAJk Bizkaian, eta Nafarroan EH Bilduk. Jeltzaleek nagusitasun erosoari eusten diote, eta bilduzaleek bingoaren antza daukan saria eskuratu dute. Apirilekoetan, oso justu irabazi zioten PPri Arabako eserlekua, eta Nafarroan oso gutxigatik galdu zuten PSNrekin gau osoan lehiatu zutena. Eutsi egin diote Arabakoari, eta irabazi Nafarroakoa.

Kataluniako egoera da gaur egun Espainiako estatu egiturek daukaten arazo nagusia. Lurralde horretan ere, gaizki atera zaio estrategia PSOEri, aurreko hauteskundeetan baino parlamentari independentziazale bat gehiago egongo baita Espainiako Kongresuan, 22tik 23ra igota.

ERCk ondo eutsi dio CUPen sarrerari, irabazlea izan baita, apirilean bezala. Oso egoera onean geratu da, Kataluniako hauteskundeak aurreratuz gero. ERCren gogo faltagatik ez da izango.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide