Zenbat De Miguel daude?

Erabiltzailearen aurpegia berria 2019ko abe. 17a, 19:28

Tamainako matazarik ez da sortzen hura harilkatzen laguntzen duen sistemarik gabe. De Miguel auzian izenak epaitu omen dira, eta neur dezala nahi duenak matazaren tamaina izen horiei jarritako zigorretan, baina auzitan jarri dena -beharko litzatekeena- sistema oso bat da. Batzuek «legez kanpoko sarea» deitu diote -epaiak ere halaxe dio- eta beste batzuek laster egin diote ihes horri, esanez haiek ez dituztela baliatu sare horrek legez kanpo lortutakoak. Kontuan izan gabe ez legokeela sarerik haren sorrera baliatuko ez lukeen sistemarik gabe. Ustel kiratsa sartzeko zirrikiturik ez, horiek sartzeko eta sortzeko aukerarik eman eta sortu gabe.

Mesede, eskari, truke eta inpunitate jardun oso bat jarri behar da auzitan. Urteen poderioz eraikia, eta atzean beti irabazlearen babesa izateak ematen duen lasaitasunez, zigorgabetasunez eta gehiegikeriez josia -publikoak diren tokietan eta publikoak diren mezu elektroniko, kontu eta barrunbeetatik modu nabarmenean eta ezkutatzeko batere beharrik gabe arituz-. Sare bat bai, baina sistema jakin batek eta aritzeko modu jakin batek baimendua. Inpunitate eta zigorgabetasun jardun hori izan baita -keria guztien sorburua. Deitu agintekeria, deitu boterekeria, deitu gizonkeria... Emakumezko baten salaketak atera zuen auzia argitara (Ainhoa Alberdi enpresariak), eta ez ahaztu De Miguelek berak salaketa jarri zuen emakumezkoaren aitari -EAJko militante ezaguna bera- bazkari baten bueltan eta ohartarazpen modura esan ziona: «Zure alabak nahaspila handi samar batean sartu behar nau». Eta egin kontu auzipetu nagusiak absolbitu egin dituztela azkenean hertsatze delitutik.
Eta esan(go) dute pertsona gutxi batzuen jarduna izan dela, jeltzaleen «balio etikoen» aurka aritu zirela, eta «beren interesen alde». Eta esan(go) dute neurriak garaiz hartu zituztela haiek: alderdiaren karnetak kendu, bakartu, albo batera utzi... Eta eskatu(ko) diote barkamena «euskal gizarteari». Eta esan(go) dute haiek ez zirela sareaz baliatu, esan gabe sarea haien sistemaz baliatu zela. Egitura oso batez. Urteetan jositako matazaz, hari mutur bati tira egin eta oraindik gehiago kiribiltzen den horretaz. Batzuek gustura onartu eta besteek ez dutela eman dioten horretaz. Alegia, babesaz.

Galdera ez baita zenbat urtekoak diren De Miguel auziko zigorrak. Galdera baita zenbat De Miguel dauden sistema horretan.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide