Atxikimendu ugari jaso dituzte Bilboko eta Baionako manifestazioek

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko urt. 11a, 00:00

Euskal presoen giza eskubideen alde Bilboko eta Baionako kaleak zeharkatuko dituzten manifestazioek atxikimendu ugari jaso dituzte azken orduetan. Elkarrekin Podemosek, esaterako, adierazi du Bilboko manifestazioarekin bat egiteko «baldintzak» betetzen direla, balioetsi egin ditu antolatzaileek «aurreko urteetako inertziak alde batera uzteko egindako ahaleginak», eta iragarri du koalizioko Josetxo Arrieta, Eneritz Madariaga eta Andeka Larrea han egongo direla. CCOOk ere iragarri du Bilboko manifestazioan egongo dela, «espetxe arloko legeriaren aplikazioa eta biktimen erreparazioa» eskatzeko.

Lehenago, EH Bilduk, Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek CCOOz gain, ELA, LAB, UGT, Steilas, Hiru, EHNE, ESK eta CNT, Bilgune Feministak eta beste zenbait eragilek adierazia zuten manifestazioan parte hartzeko asmoa. Kataluniako ERC, JxCat eta CUP alderdiek ere ordezkariak bidaliko dituzte.

Sare sozialetan, berriz, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiek, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente ohi eta Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzibidean zigortuak eta beste zenbait ezagunek adierazi diote sostengua Bilboko protestari.

Baionakoari, berriz, EH Baik, EAJk, ELB eta CFDT sindikatuek, Bizik, Aitzinak, Industria eta Komertzio Ganberak, Laborantza Ganberak eta beste zenbait eragilek eta instituziok eman diote babesa. Baionan, 15:00etan abiatuko da manifestazioa, Laugatik; eta Bilbon, 17:00etan, La Casilla plazatik.

Voxen eskaera

Voxek salaketa jarri du epaitegian Bilboko manifestazioa antolatzen dutenen kontra, eta hura debekatzeko eskatu du. Haien ustez, «terrorismoari gorazarre egitea, gorroto delitua eta biktimen kontrako umiliazioa» da deialdia.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide