Erkoreka eta Darias, ados Gernikako Estatutua osorik bete dadin

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko urt. 18a, 00:00
Transferentzien egutegia eguneratzeko bilera bat egitea adostu dute Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika ministroak eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Gainera, Gernikako Estatutua osorik betetzeko beharra azpimarratu dute. Atzo telefonoz hitz egin zuten gai horiei buruz, baina laster bilera bat egitekotan geratu dira, oraindik noiz zehaztu ez duten arren.

Erkorekak eta Dariasek adostu dute beharrezkoa izango dela aldebiko lana egingo duten talde juridiko-teknikoak sortzea, transferentzia sorta bakoitza lantzeko. Erkorekak esan duenez, Eusko Jaurlaritzarentzat «premiazkoa eta lehentasunezkoa» da negoziazio hori, eta gehiago luzatu gabe ekitea espero du.

Aurrera begira, erlazio «iraunkorra» izan nahi dute, EAJren eta PSOEren inbestidura akordioan konpetentziei eta euskal autogobernuari buruz jasota dagoenari buruz hitz egiteko.

Erkorekaren deiaren bezperan, Espainiako Lurralde Politika ministroak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin ere telefonoz hitz egin duela esan du Erkorekak. Urkullu ere Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritzi berekoa da. Lehendakariak Dariasi esan dio bere «lehentasunezko helburua» dela bi gobernuek aurreko legealdian adostu zuten transferentzien egutegia betetzea. «Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutua betetzeko eskatzen duenean, legea betetzeko besterik ez du eskatzen», zehaztu du bozeramaileak. Horretarako, pausoz pauso lan egin beharko dela iruditzen zaio, ez delako «zerutik eroriko».

Erkorekak ziurtatu du posible izan daitekeela 2020an Gernikako Estatutua osorik betetzea, eta Eusko Jaurlaritzak behintzat konpromisoa duela aurrera egiteko beharrezkoa den esfortzu guztia egiteko. «Egia da 2020a hauteskunde urtea dela eta horrek gorabeherak eragin ditzakeela, baina guk konpromisoa eskatzen diogu gobernu zentralari», gaineratu du.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide