Paris erabiltzen

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko urt. 29a, 00:00

Arraro egiten da XXI. mendean eta Europako Batasunean, hango herrialde bateko gobernuari berak preso duen EBko herritar bati asiloa eman diezaiola eskatzen entzutea. Horixe eskatu zuten joan den ostiralean, Miarritzen, Josu Urrutikoetxea euskal presoaren auzian, haren abokatu Laurent Pasquet-Marinaccek, haren seme Egoitz Urrutikoetxeak eta bake prozesuetako aholkulari Andy Carlek. Urrutikoetxeak bake elkarrizketetan parte hartu izan duela gogoratu dute, eta, ondorioz, immunitate juridikoa izan beharko lukeela. «Zalantzan jartzen ditu gaur egun martxan jar daitezkeen nazioarteko gatazken konponbideak». Hala, nabarmendu dute Frantziarena ere badela arazoa. Eta: «Josurena auzi politiko bat da juridikoa baino gehiago, eta soluzio politikoa behar du». Urrutikoetxearen kontrako dozena erdi bat kasu daude zabalik Parisen: ETAko ustezko ardurekin lotuta, Frantzia bi epaiketa egitekoa zaio; eta Madrilek, gutxienik akusazio bat nahierara erabilita, bina euroagindu eta estradizio eskatuak dizkio Parisi.

Espainia bultza eta bultza ari da, juridikoki eta politikoki, Urrutikoetxearen aurka, 1996an —Madrilek lortu zuen, haren kartzelaldia amaitzean, Parisek bere esku uztea— eta 2002an bezala —Guardia Zibilaren txosten bati esker, Gorenak deklaratzera deitu zuen, ETAk 1987an Zaragozako kuartelaren kontra egindako atentatuagatik—. «Ikurtzat» hartuta, orain ere —ETArik gabeko aroan orain—, nahi dute Madrilen.

Luis Herguetaren hilketari (1980ko ekainaren 25a) buruzko estradizio eskaeran behintzat, antzeman daiteke bulkada politikoa. Euroagindua 1993an sartu zenez indarrean, aurreko gertakariei dagokienez estatu batek beste bati estradizioa eskatu behar dio, eta auzitegiak ez, baizik eta gobernuak. Hala egin du Herguetaren auzian —eta Zaragozakoan— PSOEren gobernuak, baina eskariaren idatzian Frantziari informazio zehatza emateke eta gauzak ezkutatuz. PPren gobernuak jokatuko lukeen gisa berean.

Hainbat froga dago Urrutikoetxeak Herguetaren hilketarekin zerikusirik izan ez zuela ondorioztatzeko. Garbiena izan ahal da ETA pm-k aldarrikatu zuela atentatua eta Urrutikoetxea sekula ez zela izan ETA pm-koa. Eta, auziak izaera politikoa duela pentsatzeko, badago hurrenkera bat nabarmena. (Espainiako Estatuko) Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak 2018ko ekainaren 24an ere, Hergueta Gasteizko Michelingo arduradunaren hilketaren 38. urteurrenaren bezperan, txio batean esan zuen ETA pm-k hil zuela. 2018ko ekainaren hasieran heldu zen PSOE gobernura, eta, ondoren, aipatutako zentroaren zuzendaritzan ere jarri zen —Espainiako presidentea bera da patronatuko burua, eta, besteren artean, hainbat ministro dira zuzendaritzakideak; tartean, Justiziakoa—. Oroimenezkoak 2018ko txio hura egin zuenean, artean atxilotu gabe zegoen Urrutikoetxea. Iazko maiatzaren 16an atzeman zuten, Frantziako Alpeetan, eta Parisko Dei Auzitegiak ekainaren 19an baldintzapean libre uztea erabaki zuen arren, egun berean berriro atxilotu zuten, Espainiako Estatuaren eskariengatik. Handik bost egunera —ekainaren 24an— idatzi zuen berriro Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak Herguetarena ETA pm-ren hilketa izan zela zioen txioa, eta uztailaren 12an Espainiako Ministroen Kontseiluak, Justizia ministroaren proposamena onartuta, Herguetaren kasuagatik Frantziari Urrutikoetxearen estradizioa eskatzea erabaki zuen, idatzian zehazteke ETAren zein adarrek hil zuen, eta aipatzeke idatzian aitatzen dituen Michelingo langile bat eta haren emaztea —Urrutikoetxeari Herguetaren argazki bat eman zioten 1980an— Madrilek ez zituela zigortu Herguetaren kasuagatik.

Egoitz Urrutikoetxeak iazko auzi saio baten ostean esan zuen: «Frantziako Justizia instrumentalizatzen ari da Espainiakoa. Gezurretan ari zaio». Espainiako Gobernua ez da atzean gelditu.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide