«Salbuespen» legedia baztertzeko eskatu du Sarek

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko ots. 20a, 00:00

Sare herritar plataformak euskal presoen auziari buruzko txosten bat helarazi die Espainiako Kongresuko taldeei, Bego Atxak eta Joseba Azkarragak Bilbon prentsaurreko batean jakinarazi dutenez, eta «kontuan hartu beharreko» hainbat neurri proposatu dizkiete: adineko presoak eta larri gaixorik direnak «etxeratzea», urrunketa amaitzea, gradu progresioa ematea eta kartzela zigorraren hiru laurden beteak dituzten presoei baldintzapean aske geratzeko aukera eskaintzea. «Azken batean, salbuespen legedia alboratu eta legedi arrunta ezartzea». Iñaki Lasagabasterren eta Ramon Zalloren laguntzarekin osatu du txostena —aurrenekoa ere izan da agerraldian—.

«Txostenean, salbuespenezko espetxe politikak euskal presoengan duen eragina jaso dugu, urratzen diren giza eskubideak nabarmenduz, ulertuta haien errespetua bermatzeak demokrata ororen oinarri izan behar duela», adierazi du Atxak. ETA amaitu ostean ere Espainiako Gobernuak espetxe politika bera daukala salatu du Azkarragak, eta aldaketetarako neurriak hartzeko exijitu ditu. «Urrunketa neurri politiko bat izan zen, eta politikoa izan behar da hura bukatzea».

Urrunketaren bukaera «faseka egitea planteatzen bada», Sarek lehentasunezkotzat jo du haurrak dituzten eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera, «haurrei ezartzen zaien zigor atxikia amaitu, eta artatzea senide eta konfiantzazko medikuengandik gertu jasotzeko eskubidea bermatu dadin». Adin handiko presoak eta espetxealdi luzeak bete dituztenak ere aintzat hartzeko eskatu du.

Azkarragak Espainiako Gobernu berriari eskatu dio ez emateko bizkarrik euskal gehiengo politiko eta sozialak egindako aldarrikapenei. Memoria izatearen beharra nabarmendu du, eta «orrialde mingarrienak justiziaz eta eskuzabaltasunez ixteko» eskatu du.

«Giza eskubideen urraketa»

Lasagabaster legelariak adierazi du Europako itunetan eta ebazpenetan oinarritu direla txostena osatzeko, baina Madrilek oraindik ez dituela kontuan hartzen araudiak. Haren esanetan, «euskal presoen oinarrizko eskubideak urratu» egiten ditu Madrilek.

Sarek adierazi du prest dagoela nahi duten taldeekin biltzeko, eta, halaber, horrelako dokumentuak beste instantzia batzuetan ere aurkezteko aukera aztertzen ari da; esaterako, Europako Parlamentuan. «Uste dugu garrantzitsua dela Europan egoera honen berri ematea ere, NBEko Giza Eskubideen Batzordearekin egin genuen moduan».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide