Txirbilenea (Genova kalea)

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko ots. 26a, 00:00

Gutxi irauten dute presidenteek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPn. Lau urte egin zituen ardura horretan Antonio Basagoitik, hiru hurrengoak, Arantxa Quirogak, eta bostera ez da iritsi azkena eduki dutena, Alfonso Alonso. Eta hirurek ustekabean eman dute dimisioa, aginte denbora betetzera iritsi gabe, eta ez, PPko Castelloneko buruzagi hark ustelkeria ezkutatzeagatik esan zuen bezala, loterian sari nagusia irabazi dutelako.

Ez du ematen, azken urteotan gertatu denari erreparatuta, asko axola dionik PPren zuzendaritza nazionalari Euskal Herriko zati horretako PPrekin zer gertatzen ari den, zuriezina delako azken hiru buruak bat-batean etxera joatea. Nahi dizkioten itzulinguru guztiak emango dizkiote gertatzen ari denari, baina ezin izango dute benetako arrazoia ezkutatu: hirurek nazka-nazka eginda bukatu zuten PPren buruzagitza nagusiarekin.

Basagoitik ez zuen ezkutatzen Madrilekiko haserrea, kazetariokin off-ean egoteko aukera zeukanean. Berezko izaera eman nahi zion alderdiari; batik bat, ETAk 2011ko urrian borroka armatuari bukaera emanda zabaldu zen jokaleku hartan, uste zuelako PPk bazuela aukera ordura arteko erresistentzia estrategia alde batera utzi eta, jokabide samurrago batekin, jende gehiagorengana iristeko. Egoera ustez aldekoa zeukan estrategia hori garatzeko. PSOE, Espainiako Gobernuan egonagatik, oso ahul zegoen, eta inork ez zuen espero handik hilabete batera egingo ziren Espainiako hauteskundeetan Rubalcaba hautagai sozialista irabazle irtengo zenik. Rajoyk aise irabazi zituen hauteskunde haiek, baina ez zion, Basagoitiren etsipenerako, leihoa ireki estrategia berriari.

Basagoitirentzat, ikaragarri itxaropentsua zen, ETAren erabaki hura jazo ez balitz bezala jardutera behartzen zuten Madrildik, betiko fronte politika egitera, milimetro bakar bat ere mugitu gabe. Saiatu zen, behin eta berriro, alderdiko buruzagi nagusiei ikusarazten okerreko estrategia zeukatela, estrategia horrek ito egiten zuela alderdiak gurean hedatu eta herritar gehiagorengana heltzeko zeukan aukera, harik eta nazkatu eta 2013ko maiatzean Banco de Santanderrek Bilbotik Mexiko DFraino jarri zion alfonbra gorria igarotzea erabaki zuen arte.

Arantza Quirogak hartu zuen Basagotiren erreleboa. Gai sozialetan Basagoiti baino askoz kontserbadoreagoa izanda ere, ETArik gabeko garai berriari zegokion estrategia berriaren sustatzaile jardun zuen, Basagotik zabaldu nahi izan zuen bide beretik. Basagoitiri jarri zioten pareta berarekin eginarazi zioten tupust, behin baino gehiagotan, Madrilgo egoitza nagusian. Azken kartutxo bat landu zuen, hil edo bizikoa. Ondo ateratzen bazitzaion, baimena edukiko zuen alderdia bide zabalagoetatik eramateko, eta, gaizki ateratzen bazitzaion, poliziek filmetan bezala, plaka eta pistola utziko zituen alderdiko presidente nagusiaren mahai gainean. Eusko Legebiltzarreko alderdien artean bakegintzaren esparruan zegoen blokeo egoera gainditzeko asmoarekin, etxeko eta kanpoko askoren ustekaberako efektu kolpe ausarta eman zuen Quirogak, EH Bildu ere barruan hartuko zuen Askatasunerako eta Bizikidetzarako lantalde bat sortzea proposatuta. Filmaren hurrengo fotogramak déjà vu dira PPren jardunean: argi gorri guztiak piztu, eta sirenek hotsik gorgarriena atera zuten Genova kalean. Erabatekoa izan zen PPko zuzendaritzatik alderdia gure herrian, Quirogaren hitzetan, «erresistentziatik eragile izatera» eraman nahi izan zuen presidentearen aurkako gaitzespena. Tinko erantzun zien Quirogak dimisioaren berri eman zuen prentsaurrekoan: «Berriro mila bider aurkeztuko nukeen proposamen hori».

Alonso izan da txirbil makinaren azken biktima. Espainian indartsu eta espektatiba handiekin zebilenean ere gure herrian hutsaren hurrengoa izan den, eta den, Ciudadanos alderdiarekin apirilaren 5ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan koalizio desorekatua egitera behartu du Genovak Alonso, beste behin lehentasuna emanda Espainiako politikari. Alonsoren logika birrindu dute Madrilen. Ez du ulertzen, eta ez zaio arrazoirik falta, zergatik oparitu behar dizkion eserlekuak bakarrik aurkeztuta bakar bat ere aterako ez lukeen eta lehiakide den Ciudadanosi. Bazegoen beste arrazoi bat Alonsoren dimisioan, arrazoi intuitibo bat, 24 ordu baino lehenago Alonsoren ordezko hautagai Carlos Iturgaizek lehen adierazpenetan konfirmatu zuena: Voxekiko balizko elkarlana, baita gure herrian ere. Alonsok onar zezakeen Ciudadanosena, baina argi ikusi zuen Madrildik ezarri zioten hurrengo erabakia. Iritsi, eta irentsi baino lehenago, dimisioa eman du.

Berandu izango da, segur aski, baina alderdi bat sortzea izango lukete gure herriko PPko askok modu bakarra politika propioa egiteko. Euskal Herrikoa bakarrik izategatik konplexurik gabekoa eta, era berean, Espainian segitzearen aldekoa izango dena, autonomiaren defendatzaile sendoa, zentrorako joera hartuz Europako eskuin modernoarekin homologatua, eta Kataluniako PPko askok katalan hizkuntza normaltasunez erabiltzen duten bezala euskara erabiliko duena. Alegia, euskal herritar Espainiazaleak, ez Espainiako sukurtsal esanekoa Euskal Herrian. Txirbilenea itxita betirako.

EAJ ez litzateke oraingo PPren estrategiarekin dabilen bezain eroso ibiliko, bi alderdien arteko esparru komuna oraingoa baino dezente handiagoa litzatekeelako.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide