Gobernaezinak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko ots. 28a, 00:00

Arrisku handiko lan baten tankera hartzen hasia da Ahal Dugu-ren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako idazkaritza nagusia. Alderdiak apenas duen sei urteko ibilbidea, eta jada hiru izan dira ardura postu horretatik igarotakoak; Roberto Uriarte aurrena (2015), Nagua Alba ondoren (2016-2017), eta Lander Martinez (2017-2020) azkenik. Martinezen dimisioaren ostean, laugarren idazkari nagusia aukeratzea dagokio orain alderdiari.

Eta kargua edonork hartzen duela ere, pentsatzekoa da ez duela lan makala izango sorreratik bertatik arima askotarikoak azaleratu dituen alderdi baten kohesioa lantzen, baldin eta arima horiek guztiak proiektu beraren aterkipean mantendu nahi baditu. 2014an, momentu aglutinatzaile bat izan zuten Podemosek Espainian eta Ahal Dugu-k Hego Euskal Herrian; gai izan zen sumindura askotariko bati forma politikoa emateko eta horren inguruan ildo eta jatorri politiko ezberdin samarrak bateratzeko.

Haatik, handik gutxira hasi ziren desadostasun politikoak, egituraketari buruzko eztabaidak eta pertsonen arteko gatazkak. Pablo Iglesias-Iñigo Errejon talkak ondorio zuzena izan zuen EAEn, Uriartek Errejonekin hauteskunde zerrenden osaketan izandako tirabirek eraman baitzuten dimisioa ematera. Albak hartu zuen orduan lema; Errejonen sokakoa zen, baina, Podemosen Vistalegre II.ko biltzarrak (2017ko otsaila) indar korrelazioak aldatu zituen, eta posizio zailean utzi zuen Alba. Urte horretako abuztuan eman zuen dimisioa.

Albaren nolabaiteko jarraipena irudikatu zuen Lander Martinezen hautaketak, eta barne eztabaidek alboratuta ziruditen, aldi baterako behintzat; EAEko primarioetan, errejonismoa zen nagusi. Martinez bera gai izan da, hilabeteotan zehar, Ahal Dugu-ri sorreratik falta izan zaion barealdi bat emateko.

Madrilgo buruzagien abizenek, ordea, estali egin dituzte beste eztabaida sakonago batzuk; nola antolatzen den alderdia Euskal Autonomia Erkidegoan eta, funtsean, nork agintzen duen; Ahal Dugu-ren proiektua etxe barruan federala den edo zentralizaziora jotzen duen. Hor dago EAEko eta Madrilgo zuzendaritzen artean arrakala sortu zuten arrazoi nagusietako bat: Espainiako Gorteetarako iazko apirileko hauteskundeei begira probintzia bakoitzeko zerrendaburuak hautatzeko aukera Espainiako Estatuko afiliatu guztiei eman izana; beraz, de facto, hautagaiak inposatu izana, EAEko zuzendaritza zerrendak osatzeko gaitasunik gabe utzita. Kontua ez da Martinezen taldea Iglesias edo Errejon abizenekin identifikatzen den, baizik eta alderdi batek bere eragin esparruari dagozkion erabakiak har ditzakeen. Horretan, badago lotura bat Ahal Dugu-k eta PPk izan dituzten egoeren aurrean. Bi kasuen arteko desberdintasuna ere agerikoa da, ordea: Ahal Dugu-n, botoa eman duten militanteen erdiek baino gehiagok lehenetsi dutela Podemosen zuzendaritzak babestutako hautagaitza. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako militanteen botoaren zilegitasuna dauka Gorrotxategik.

Orain, lehendakarigaiak galtzak bete lan izango ditu Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan emaitza onak eskuratzeko. Testuinguruak ez dio lagunduko: Mas Pais bereizi eta gero, Madrilek koaliziotik kanpo utzi du Equo, eta Antikapitalistak ere Podemosetik eta Ahal Dugu-tik irten dira, PSOE-Unidas Podemos gobernuarekin kritiko. Balantzaren beste aldean, aliantza politiken norabidea birdefinitzeko aukera; sektore batzuek ez dute ulertu Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua babestu izana -Ezker Anitzak kontra bozkatu zuen-, eta ezkerreko aliantza bat lehenestearen alde agertu da Gorrotxategi primarioen prozesuan. Apirilaren 5ak desorekatuko du balantza.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide