Jakes Esnal presoa baldintzapean aske uzteko galdearen emaitza apirilaren 9an emanen du Parisek

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko mar. 13a, 13:39

Jakes Esnal euskal presoaren baldintzapean aske uzteko galdea aztertu du gaur Parisko Auzitegiak. Apirilaren 9an erranen dute baldintzapean aske geldituko den, ala ez. Epaileak aldeko jarrera erakutsi badu ere, Prokuradorearen jarrera kezkagarritzat jo du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Hala ere, azpimarratu du epaileak Ile de Reko kartzelan egon direla gaur. Paulus Basurko: «Horrek pozten gaitu, orain arte bideo konferentziaz egiten baitziren saioak. Horrek ez ditu bermatzen defentsa eskubideak».

Jakes Esnalek ia 30 urte daramatza preso, bizi osoko kondena betetzen. Baldintzapean aske uzteko eskaera egin zuela eta, Parisko Auzitegiak auzi saioa gibelatu zuen -iragan azaroan egin beharra zuten-, Segurtasun Neurrietako Diziplina Askotako Batzordeak bere iritzia eman dezan, Esnalen «arrisku maila» neurtzeko. Azken eskaeretan, batzordeak uko egin zion bere iritzia emateari.

Euskal preso baten kontrako erabakia hartu zuen, berriz ere, terrorismoaren aurkako Frantziako ministerio publikoak, iragan otsailean. Jakes Esnalek baimena eskatua zuen bizpahiru orduko kirol ibilaldi baterako kartzelatik ateratzeko. Esnal eta beste preso batzuk presondegiko zaindarien zaintzapean aterako ziren. Zigorrak Ezartzeko epailea ados zen, haien gizarteratzeaz arduratzen den zerbitzua ere bai, baina prokuradorea ez, eta Esnal ezin izan zen kalera atera aldi baterako.

Jakes Esnal eta Frederic Haranburu Txistor 1990eko apirilean atxilotu zituzten, ETAren Argala komandoko kideak izatea leporatuta. Bizi osorako zigorrera kondenatuak izan ziren. Orain arte baldintzapean aske uzteko eginiko eskaera guztiak ezeztatu dizkie Frantziak.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide