Sexu- eta ugalketa- eskubideak, itzalean

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko mai. 1a, 00:00

COVID-19ari, hasieran, pneumonia eragiten zuen gripe gaizto baten antza hartu zioten. Eta oso azkar ikusi zuten adinekoei eragiten ziela larrien, eta gizonei emakumeei baino gehiago. Haur gehienak asintomatikoak zirela ere baieztatu zuten, baina denbora gehiago behar izan zuten jakiteko nola eragiten dien birusak haurdunei eta fetuei.

Askoren gogoan zegoen zika birusaren izurriak 2016an eragindako hondamendia. Birusa eltxo baten ziztadaren bitartez transmititzen da, eta bereizki kaltegarria da fetuarentzat. Berez abortatzea edo jaioberriek mikrozefalia izatea eragiten du. Horren beldur, haurdun askok abortatzea erabaki zuten, eta, izurriak gogor jo zuen herrialdeetako batzuetan abortatzea ez denez legezkoa, emakume asko hil ziren ezkutuko abortuetan.

SARS-CoV-2 birusak, ordea, ez du horrela jokatzen. Orain arteko datuen arabera, haurdunentzat ez da besteentzat baino gaiztoagoa, eta ez da frogatu fetuari eragiten dionik (transmisio bertikala). Esnearen bitartez ere ez da kutsatzen, baina oraindik ez dakite edoskitzean zenbateko arriskua dagoen haurra kutsatzeko, amaren arnasaren bidez. Badaezpada ere, zuhur eta prebentzio-neurririk zorrotzenekin jokatzea gomendatu dute.

Hala egiten ari dira erditzeetan ere, are gehiago emakumeak positibo emanez gero diagnostiko-proban. Eta neurriek haurdunen jarraipenari zein ugalketa lagunduko tratamendua jasotzen ari zirenei ere eragin die. Hala, hainbat elkartek salatu dute sexu- eta ugalketa-eskubideak urratzen ari direla.

Adibidez, hilaren hasieran, gobernuz kanpoko ehunka elkartek dei egin zieten Europako gobernuei, abortu-eskubidea berma dezaten. Besteak beste, abortuak bideratzeko trabak ezabatzea eta etxean abortu goiztiarrak izateko laguntza ematea eskatu zuten. Gogorarazi zutenez, konfinamenduak antisorgailuak erabiltzea eragotzi die emakume askori, eta etxe barruko bortxaketak ere areagotu egin dira. Horrek nahi gabeko haurdunaldiak ekarri ditu.

Ginekologia eta Obstetriziako Nazioarteko Federazioak (FIGO) ere ohartarazi du lehendik egoera zaurgarrienean zeuden neska eta emakumeak direla orain gogorren pairatzen ari direnak COVID-19agatik hartutako neurrien ondorioak. Federazioak mundu osoko 132 herrialde eta lurraldetako ginekologia eta obstetrizia erakundeak biltzen ditu, eta ikusi dute mundu osoan areagotu direla sexu- eta ugalketa-eskubideen urraketak: bortxaketak eta nahi gabeko haurdunaldiak ugaritzeaz gain, sexu-bidezko transmisioko gaitzen prebentzioa ere etenda geratu da, neurri handiagoan edo txikiagoan, leku guztietan.

Abortuari buruz, azpimarratu dute frogatuta dagoela abortu-tasak antzekoak direla abortua librea den lurraldeetan eta mugatuta dagoenetan. Azken horietan, baina, amek askoz ere gehiago jartzen dute arriskuan beren burua, osasun-sistematik kanpo abortatzera behartuta baitaude.

Konfinamenduak abortatzeko eskubidean ezarritako mugak gainditzeko, telemedikuntzaren alde egin du FIGOk. Baieztatu duenez, urrutitik jasotako aholku eta jarraibideekin, eta botikak eskuragarri jarrita, etxean egindako abortu goiztiarrak eraginkorrak eta seguruak dira. Leku askotan dagoeneko ari dira horrelako zerbitzuak eskaintzen, eta irtenbide egokia dela berretsi du federazioak. Hala ere, beldur da pandemiaren ondorioak sexu- eta ugalketa-osasunean luzera ere antzemango direla, ez baitzaie lehentasunik eman.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide