EAJ: «Oposizioa haurren moduan jokatzen ari da»

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko mai. 20a, 00:00

EAEko hauteskundeen iragarpenaren biharamunean, hainbat ordezkari politikok jardun dute gai horretaz, eta hainbat agertu dira kritiko elkarrekin. Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren ostean, Josu Erkoreka bozeramaileak esan du bozak «osasun berme guztiekin» egingo direla; azaldu zuenez, Segurtasun Sailak azterketa sakona egin du, eta prebentzio neurriak biltzen dituen plan bat ere osatu du.

Erkorekaren ustez, herritarrek politikarekin inplikatu eta konprometitu behar dute garaiotan: «Haiek erabaki behar dute erabakigarria izango den datorren fasea nork gidatzea nahi duten».

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak oposizioaz jardun du, eta «haurren moduan jokatzea» egotzi die: «Etsigarria da hauteskundeen aurkako jarrera hartu izana; liskarrean oinarritutako kanpaina baten bila dabiltza». Gehitu du EAJ ez dela «eztabaida alderdikoien tranpan eroriko», erakundeetan agintean daudenak direlako eta ezin dutelako «halakoetan distraitzeko luxua» hartu.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, berriz, argi utzi du euren ustez EAJk interes alderdikoiei erantzunez deitu duela hauteskundeetara: «Haien kalkuluen arabera egin dute; bozak nahi zituzten, eta horren arabera eraiki dute diskurtsoa».

Otegiren iritziz, «arduragabekeria hutsa da pandemia baten erdian hauteskundeak egitea», eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren elkarrizketarako borondateari kritika egin dio: «Bere buruarekin hitz egiten du; ez zaio gustatzen ezberdin pentsatzen dutenekin adostea». EH Bildu «irabaztera» aterako dela esan du, eta aitortu EAJren eta PSE-EEren arteko beste gobernu bat aurreikusten duela.

Azterketa bat

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak berretsi du bozak orain egitearen aurka dagoela, baina alderdi guztietako ordezkariekin ezohiko mahai bat sortzea proposatu du, kanpaina diseinatu eta pandemiari egokitutako neurriak adosteko. PSE-EEk adierazi du ontzat joko lukeela bilera hori.

Carlos Iturgaiz PP+C's koalizioko lehendakarigaiak krisiaren kudeaketa kritikatu du, eta erkidegoko uztaileko hauteskundeak «agintarientzako azterketa bat» izango direla azaldu du: «EAJ eta PSOEren kudeaketa kaotikoa hondoratzen ari da».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide