Iriarte: «GALi buruzko isiluneak bizikidetza eraikitzeko oztopo dira»

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko eka. 17a, 00:00

1984an, CIAk Felipe Gonzalezen eta GALen arteko loturari buruzko agiri batzuk egin zituen, eta, argitaratu direnetik, PSOEk apenas hitz egin duen horretaz. Gonzalezek berak ez du hitzik esan. Jarrera hori oso esanguratsua dela nabarmendu du Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak, eta kritikatu du CIAren txostenen aurreko «isiltasun ozenak» Gonzalezen parte hartzea «egiaztatu» besterik ez duela egiten. «Isiltasunek ere hitz egiten dute, eta oztopo dira elkarbizitza eraikitzeko».

Iriartek uste du euskal herritarrek duela hamarkada batzuk ezagutzen duten zerbait berretsi dela azken egunetan: CIAren txostenek erakusten dutela Felipe Gonzalezek GALen antolakuntzan parte hartu zuela. «Inor ez du ustekabean harrapatu», erantsi du. Baina salatu du hori baino harrigarriagoa izan dela egondako isilunea, «garai batekoena zein oraingoena».

Herenegun, EH Bilduk Kongresuan eskatu zuten Gonzalezek eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak agerraldiak egin zitzatela azalpenak emateko. Horri buruz galdetu diote Adriana Lastra PSOEk Kongresuan duen bozeramaileari, eta lau hitz esan ditu Gonzalez babesteko: «Herri hau eraldatu zuen presidentea izan zen. PSOEren babes osoa du, baita nirea ere». Halaber, gaineratu du PSOE ez dela«epaitutako eta ebatzitako auziak berrikustearen» aldekoa.

Bestetik, Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak iragarri du EAJk datorren astean aurkeztuko duela Sekretu Ofizialen Legea moldatzeko lege proposamena, Gonzalezen gobernuak GALen sorreran parte hartu ote zuen argitzeko. Haren hitzetan, «harrigarria» da informazioa beste herrialdeetako zerbitzu sekretuen txostenen bidez jakitea, Espainian «klasifikatuta eta zortzi giltzarekin itxita» egonik. Estebanek azaldu du EAJren asmoa dela jakitea«zer gertatu zen GALekin zehatz-mehatz».

Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek ere Felipe Gonzalezen agerraldia galdegin du Senatuan.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide