'Sweep up', lehendakari

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko eka. 27a, 00:00

Ezagutuko ahal dute lehendakarigaiek Ixa euskarazko websail aplikazioa? Zut nerabeentzako aldizkarian publikatu zuten aurrena, eta atzo iritsi zen Ttap aldizkarira. Lehen aldiz osorik grabatu dute bertikalean, ikusteko erosoagoa izan dadin. Kapituluak ikusteaz gain, protagonisten Instagramean kuxkuxeatzeko aukera ematen du aplikazioak, ikuslearekin elkarrekintza sustatuz. Behin Instagramen egonda, bidea naturala izan da: zein presentzia dute EAEko bozetako hautagaiek Instagramen? Nola heltzen dira gazteengana?

Kanpaina hasi aurretik ere, alderdiek nabarmendu dute ezohikoa izango dela Eusko Legebiltzarrera heltzeko lasterketa: segurtasun tartea mantentzea ezinbestekoa da, ekidin behar dira ekitaldi handiak, eta herritarrekin harremanetan egoteko bide berriak ireki dituzte. Horren adibide, EH Bilduk telefono deiak egin ditu herritarren beharrak zein diren entzuteko, eta PSEk martxan jarri du postaz bozkatzen laguntzeko telefonozko arreta sistema. Aurten hemezortzi urte bete dituztenek, 2002koek, nekez jakingo dute zer den hari bidezko telefono bat.

Zaharrak berri, beraz, normaltasun berrian. Hautagai gazte gutxi, epika handietan —zer esanik ez osasun krisiak eragindako salbuespen egoeran— oinarritutako diskurtsoak eta formaltasun handiko ekitaldiak. Alderdiek hautatu dute Twitter herritarrekin gertutasun bat izateko. Baina txioherria ez da Instagram. Eta estatistikei begiratuta, gazteen sare sozial gogokoena da bigarrena: irudiak eta bat-batekotasuna oinarri dituena. Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarte, Carlos Iturgaiz eta Miren Gorrotxategi ez dira 2.000 jarraitzaileren langatik pasatzen, eta Idoia Mendiak 2.024 ditu. Aldiz, aurten 68.790 gaztek bozkatuko dute lehen aldiz, eta pentsatzekoa da ia gehienak eroso aritzen direla sare sozialetan nabigatzen.

Egia da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %13 soilik direla gazteak. Baina Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, 18 eta 30 urte arteko gazteen %70k eman zuten botoa 2016ko bozetan; parte hartze orokorraren gainetik. Eta, oraingoz, kanpainaren lehen bi egunetan, gazte hitza bitan aipatu da: EAJren spot-ean —nagusiek kantatzen dute «gazteok zer gara?»—, eta Arnaldo Otegik gazteei egindako deian: «Orain, zuei dagokizue guri nota ipintzea». EH Bilduko Maddalen Iriarte ere aritu zen atzo Donostian, hainbat gazterekin etxebizitzaren arazoaz hizketan.

Komeni da gogoraraztea bozkatzaile berri horiek bederatzi urte zituztela ETAk behin betiko su etena iragarri zuenean, eta sei 2008ko krisia piztu zenean. Gehienek ez dute mitin gogoangarririk izango oroimenean, ez bada gurasoen eskutik joan zirela. Beraz, lehendakarigaiek begiratu dezatela behera, jar dezatela hatza pantailan eta egin dezatela sweep up: pentsa dezatela bertikalean, baina behetik gora.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide