Super (his)trionikoak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 2a, 00:00

Abiada bizian galtzen dute gaurkotasuna albisteek, eta edonork eman dezake iritzia sare sozialetan; beraz, zutabe hau idazterako ia dena esanda dago Elkarrekin Podemosen Supertrionikoak eta Urkutron bideo laburren gainean. Anekdotikoa balitz, merezi ere ez luke egingo gaiari arreta gehiago ipintzea, baina segitu dute alderdi morekoek sagarekin, eta badirudi kapitulu gehiago ere izango dituela. Alain Badiou filosofo, teorialari eta dramaturgoak behin baino gehiagotan nabarmendu izan du antzerkiak eta politikak dituzten antzekotasunak: bi eremuak dira errealitate bat sortzeko gai, eta bietan dago joko dialektikoa. Bideoek jatorrian zuten xede komunikatiboa zein den ezin jakin, baina lortu dute eztabaida zabaltzea, eta akaso errealitate berri bat sortzea ere bai. Ideia histrionikoa denik, behintzat, ezin uka.

Bideoetako protagonistak nor diren asmatzeko hipotesiak askotarikoak dira. Batzuk diote Elkarrekin Podemosen kanpainako koloreak —eta, hortaz koalizioak sustatu nahi dituen balioak— direla power rangerrak: feminismoa, ekologismoa eta ezkerreko politikak. Beste batzuek diote koalizioa osatzen duten taldeenak direla: Ezker Anitza, Ahal Dugu eta Equo. Aukera hori baztertu dute ikusleek; izan ere, Equo bere kabuz aurkeztu da Eusko Legebiltzarreko bozetara.

Indar handiena hartu duen hipotesia, beraz, hauxe da: PSEkoa da pertsonaia gorria, EH Bildukoa berdea, eta Elkarrekin Podemosekoa morea. Aukerak badu zentzua; izan ere, Miren Gorrotxategi hautagaiak hasieratik aldarrikatu du ezkerreko alderdien koalizioa, balizko Eusko Jaurlaritza osatzeko. Gainera, bideoetako protagonistek hala iradokitzen dute: gorria alferra da «inoiz ezer egiten ez» duena. Berdeak badu grina, baina «gaizki» irteten zaizkio gauzak beti —euskaraz hitz solteak erabiltzen dituen bakarra da—, eta morea da etxea «txukun» mantentzen duena. Urkutron etsaia kanporatzea dute xede. Anafora argia da: ezkerreko hirukoak behar du gidari on bat, eta, batez ere, besteak lozorrotik esnatuko dituen norbait: Elkarrekin Podemos.

Demagun balekoa dela hipotesi hori. Paradoxikoki, Elkarrekin Podemoseko, PSEko eta EH Bilduko zerrendaburuak, hirurak dira emakumeak: Miren Gorrotxategi, Idoia Mendia eta Maddalen Iriarte. Are gehiago, hirurak dira euskaldunak. Alabaina, bideoan gaztelaniaz ari dira gizonezkoak diruditen hiru power ranger-ak.

Badiouk zioen antzerkiak eta politikak, biek dutela errealitatea sortzeko gaitasuna, eta, oraingoan, fikzioak gainditu du errealitatea, baina txarrera. Egon, aukera badago ezkerreko hiruko koalizio bat sortzeko: emakumeek gidatua eta euskalduna, gainera. Andreak ari dira lehen lerroa hartzen, eta, halere, ez eztabaidan ezta errealitatea sortzen ezin ditugu ikusi. Bideoak sortutako iruditerian, klixeak nagusi: anaidian beti erdaraz.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide