Estrategiak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 16a, 00:00

Berriz ere EAJk aise irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, lehen baino hiru aulki gehiago lortuta (31 ditu orain), 48.000 boto galdu dituen arren, eta ez du deus aldatuko duela hamar urtetik —Ibarretxe erretiratu zenetik— argi eta garbi daraman estrategia. Gainera, gehiengo osoa izango du legebiltzarrean, PSErekin gobernu ituna berretsita. Parlamentuan bertan ez du izango buruhausterik, baina bai eremu sozial eta ekonomikoan, COVID-19ak gogor joko baitu, eta Jaurlaritzari ez zaio erraza izango murrizketarik ez aldarriari eustea. Ikusi egin behar nola moldatuko den eta aurkako mugimendu indartsurik sortuko zaion.

Estrategia politikoei dagokionez, EH Bilduk alternatiba eraikitzeko baluke zer sakondua, eta PSEk, zer berritua biziberritzeko.

EH BILDU

Alternatibaren kontakizuna

Oso gustura egoteko moduan dira EH Bildun. 2015eko eta 2016ko beheraldiaren ondoren, gorako joerari eutsi zion iaz, eta igandean berretsi egin zuen. Asko aipatzen dira EAEko 2012ko bozetako Bilduren 277.923 botoak, baina, erkidego berean, iazko udalekoetan gehiago eskuratu zituen: 280.410; eta boto marka ezarri EAEn. Han, legebiltzar aulki kopuruan ez ezik, boto portzentajean orain jo du goia, 2011ko udalekoetako %26,03a gaindituz: %27,84.

EH Bildurentzat, hori bezain garrantzitsua da EAEn EAJren alternatiba izaten hasteko sentsazioa izatea. Duela lau urte hamar aulkiko aldea atera zion EAJk (28-18), eta orain, bederatzikoa (31-22), baina orain lau urte 173.000 botoko diferentzia kendu zion, eta orain, 100.000koa. Ortuzarrek asteon esan bezala, «Euskadin asko dira» horiek, baina ez da gauza bera bederatzi aulkiko aldearekin 155.000 botoko tartea ateratzea edo 100.000koa. EH Bilduk datozen urteetarako badu kontakizun bat: alternatiba josteko aukera du.

2023an, udal eta foru bozak. EAEn, batik bat Bilbo Handia eta Donostia-Irun ditu langai. Bilbo Handian igandean jauzi esanguratsu bat eman zuen: 2016an hango ia udalerri denetan laugarren edo bosgarren indarra izan zen, eta bigarrena edo hirugarrena (ia bigarren Basaurin eta Sestaon) izan da oraingoan. EAJk 2016an Bilbo Handiko zortzi udalerririk handienetan 93.000 botoko aldea atera zion, eta orain, 58.000koa. EH Bilduren lan espezifiko baten ondorio izan al da hori? Iazko udal hauteskundeetan, Galdakaon (%23) eta Santurtzin (%18) salbu, beste sei udalerrietan %11-15 artean ibili zen, eta, beraz, badirudi oraingo jauziak (Galdakaon %30 eta Santurtzin %22 lortzeaz gain, beste seietan %17-20 artean) gehiago erantzuten diola beste faktore batzuei, bertako lanari baino, urtebete gutxitxo baita lan batek fruitua emateko. Gipuzkoan, EAJk 4.000 botoko aldea kendu dio EH Bilduri. Hirigune koskor batzuetako garaipenei jarraikiz, Arrasaten edota Tolosan oraingoan irabazi egin du EH Bilduk, baita Lasarte-Orian ere lehen aldiz, baina Donostian eta Irunen, bietako botoak batuta, eta 3.000 murriztu dituela esanda, EAJrengandik 14.100era geratu da.

EH Bildurentzat ez da berri ona EPk hartu duen zartadakoa, aliatu —potentzial— bat baitu, baina, oro har, ez zaio aski EP indartsuago bat ere. Julen Mendoza Errenteriako alkate ohiak (EH Bildu) zera idatzi berri du bere blogean: «Ez dago zalantzarik EH Bildu egoera oso onean dagoela lehen indarra izateko lehian sartzeko. Hiru urte ditu horretarako. Baina hori lortzeko 2011. urtetik aldatu ez diren bloke estatikoak gainditzeko gai izan beharko du. Elkarrekin Podemosen oinarri soziologikoetatik bainoago, espazio soziologiko berrietatik jaso beharko du EH Bilduk, alternatiba izan nahi badu. (...) Horretarako, narratiba berriak eraiki beharko ditu. (...) Sinesgarritasuna irabazi beharra du oraindik gizarteko sektore batzuetan. Eta, sinesgarritasunarekin batera, segurtasuna. Herritarrek segurtasuna eskatzen dute, bereziki une hauetan politikan, eta ezkerrak hori lortu ezean zaila du espazio berrietara zabaltzea. (...) Norbaitek EAJ boteretik kendu nahi badu, logika elektoraletatik baino gehiago herri proiektu eta programetatik egin beharko du».

Errealitateak errealitate, agenda soziala ere prozesu independentistan kokatuz, EH Bilduri, adibidez, gertutasun kontuagatik-eta, bere ered u munizipalistak ematen dio espazioak irabazteko egokierarik, eta aukera luke, batetik, lan horri proiekzio nazionala emateko, eta, bestetik, mugimendu handiago bilakatzeko.

PSE-EE

Bigarren bazkide ala berritu

PSE-EEren zuzendaritzak ez dauka dudarik: berriz ere Jaurlaritzan egongo da EAJrekin. Uste du han barruan egonda politika progresistak egin ditzakeela. Badu beste aukera bat: kanpotik eragitea horretan, gobernuan EAJ bakarrik utzita. Ez dio, ordea, horri helduko, bai baitu beste arrazoi bat: uste du bera barruan dela EAJk baztertu egiten dituela asmo subiranistak, eta gobernua «zentratua» dela. Dena dela, PSEk ikusi beharko luke gaurko EBBk, Jaurlaritzan EAJ bakarrik egonda ere —eta ez da EH Bildurekin batuko— ez duela asmorik abenturei ekiteko, Ibarretxeren saioekin aski izan zuela iritzita. Atzo, Ortuzarrek: «Orain abenturak ez, autogobernu ahalmen handiagoa baizik».

Moncloan PSOE dagoen arren, PSE ez da hango haizeaz baliatu, eta soilik aulki bat gehiago lortu du (10 ditu orain), eta hori, 2016an behea jota, ordu arteko emaitzarik txarrenak jasota. 2009an ere PSOE zegoen Moncloan, eta orduan, Podemos faktorea ez zegoen arren, PSEk 318.000 boto jaso zituen —EBk, 36.000—. Orain, EPk 71.000 bildu ditu, eta PSEk, 121.000. Parte hartzeak parte hartze, babesa nabarmen galdu dute. Eta, alderdi sozialistan ,batzuk hasi dira ezbaian jartzen koalizio estrategia; jendaurrean, aste honetan, Odon Elorza. Egigurenek, otsailean, BERRIAn: «Alternatiba modura desagertzen ari da PSE, eta EAJren osagarri bihurtzen. Hori alderdiarentzat ez da ona. Gaur egun, PSEk ez du beste bazkide posiblerik, eta neu ere banago EAJrekin gobernatzearen alde, baina alderdi batek ez du beti koalizio berean zertan egon, eta, gainera, bigarren bazkide moduan».

Nafarroan, PSNk utzi zion UPNrekin gobernatzeari, iaz arnasarik eman bazion ere; Iruñeko alkatearen inbestiduran. kasurako. PSEk (eta PSNk) oraindik ez du bere burua ikusten EH Bildurekin gobernatzen, «terrorismoa» gaitzestea falta zaiolako, baina galdetu beharko luke nola lagundu dezakeen horretan; harekin lankidetzan aritzea luke aukera eraginkor bat.

Lopezen belaunaldiak eraman zuen PSE babes elektoral handieneraino, eta belaunaldi berak txikieneraino. Ez zaio ikusten bide berririk jorratzeko asmorik; EAJri kateatutako PSE bat da hau.

Biziberritzen hasteko belaunaldi aldaketaren garaia ote han?

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide