EAJk eta PSEk astelehenean egingo dute aurreneko bilera

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 16a, 00:00

EAJk eta PSE-EEk jakinarazi dute datorren astelehenean hasiko dutela Eusko Jaurlaritza osatzeko negoziazioa. EAJren egoitza nagusian bilduko dira, Bilbon. Oraingoz, ez dute iragarri zer kidek hartuko duten parte. Ohar bera zabaldu dute sare sozialetan, eta esan «gobernu sendoa» osatu nahi dutela pandemiari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko. EAJk 31 aulki lortu zituen igandean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, PSEk 10, eta bien artean gehiengo osoa lukete.

Jakinarazpen horren aurretik, Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak Herri Irratian azaldu zuen EAJ «derrigortuta» dagoela Jaurlaritza eratzeko prozesua «bizkortzera», «apaingarriekin denbora galtzen ibili barik».

EH Bildu, «alternatiba»

Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak adierazi du independentziaren «gose» berarekin segituko duela bere taldeak EAEko legealdi berria, «egunero lan eginda euskal errepublika baten alde», eta gaineratu du horretarako ere «erdigunean» jarriko dutela erabakitzeko eskubidea. «Gizartea aktibatu egin behar da, eta EAJk azken urteotan gizarteak zuen gosea apaldu egin du. Burujabeak ez bagara, hainbat politika egikaritzeko aukerarik ez dugu izango», esan du, Euskadi Irratian. Pozik azaldu da EH Bilduren emaitzekin (22 aulki), eta, haren esanetan, garrantzitsuena izan da «EH Bildu benetako alternatiba» dela eta «jendeak sinetsi» duela.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ez du uste EAJk haiekin akordiorik egingo duenik legebiltzarrean gehiengo subiranista artikulatzeko, EAJren apustua «autonomista» dela iritzi baitio. Radio Euskadin azaldu duenez, joan den igandeko bozetan EH Bilduk «ordezkatzen duen alternatiba saritu» dute herritarrek, «eta ikusi da jendea subiranista, feminista, ekologista eta gobernantza demokratikoaren aldekoa dela. Oraindik alternatiba hori ez da hegemonikoa elektoralki, baina sakoneko joeran hori da etorkizuneko herria».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide