Iriartek lehendakari izateko hautagaitza aurkeztuko du

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko abu. 28a, 00:00

Datorren ostegunean egingo dute Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioa, eta egun horretan bi hautagai aurkeztuko dira gutxienez: Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaia, eta Maddalen Iriarte EH Bildukoa. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eman du indar subiranistaren Mahai Politikoaren erabakiaren berri, Onda Vascan emandako elkarrizketa batean. Esan du hauteskundeak egin zirenetik gogoetatu dutela gaiaz, eta baita astelehenean ere, Mahai Politikoan. «Erantzukizun politikoagatik» aurkeztuko dute Iriarteren hautagaitza: «Alternatiba garela uste duten herritarrekiko arduraz. Erakusteko gobernatzeko beste modu batzuk daudela. Iriartek gobernantza eta gizarte eredu alternatibo bat ordezkatzen ditu».

Otegik gaineratu du «norabidea aldatu» beharra dagoela, eta pandemiaz ikasi: «Politika publikoak egin behar dira, hezkuntza, osasuna, zaintzak-eta indartzeko». Izan ere, salatu du ikasturtea hastear dela eta «inork» ez dakiela nola hasiko den: «Ez dira irakasle gehiago kontratatu, ez dira ikasgela gehiago prestatu».

Babes nahikorik ez

Iriartek ez dauka babes nahikorik lehendakari izateko, Elkarrekin Podemosek iragarri baitu ez duela babestuko EH Bilduren hautagaitza, eta abstenitu egingo dela inbestidura saioaren bozketan. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak eta Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaileak hainbat komunikabidetan baieztatu dute ez dutela Iriarteren alde bozkatuko: esan dute ezkerreko gobernu bat eratzeko aukerarik ez dutela ikusten, eta ez dutela aurkeztuko lehendakarigairik, «koherentziagatik». Urkulluren hautagaitzaren alde ere ez dute egingo.

EAJk Iñigo Urkulluren hautagaitza aurkeztuko du, eta hura aukeratuko dute lehendakari. Aurreko bi inbestidura saioetan ez bezala, lehen bozketan eta gehiengo osoz aukeratuko dute oraingoan.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide