«Jasotzen dugun esker ona asko estimatzen dugu»

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko urr. 25a, 00:00
Anaia Beñatekin batera 2.400 kilometroko bidaia egin du bolantean Aitzol Alvear donostiarrak. Hiru ordu baino ez ditu lo egin, larunbat goizean. Bueltako bidaian erantzun die galderei, anaia gidatzen duela eta kopilotu gisa bertze pertsona bat jarrita, lo kuluxka bat egiten saiatu baino lehen.

Noiz hasi zinen Mirentxin gidaria izaten?

Uste dute hau dudala bosgarren bidaia. Urtean behin egiten dugu.

Zergatik egiten duzu?

Senideen bisitak ahalbidetzeko: gure babesa behar dute. Eta urtean behineko lan bat da: guri ez digu ezer suposatzen. Bueno, asteburu bat galtzea, edo egun pare bat, baina ikusten dugu egiten dugun mesedea handia dela. Guri suposatzen digun lana ez da ezer, egiten dugun mesedearekin konparatuta.

Nolatan animatu zinen?

Auzoan sortu zen talde bat, eta boluntarioak eskatu zituzten. Horrela antolatu genuen taldetxo bat, eta, bikoteka, urtean hilabete bat tokatzen zaigu auzoan: lau edo bost asteburu. Zortzi-hamar pertsonako talde bat gara, eta urtean behin tokatzen zaigu bidaia egitea. Ez zaigu iruditzen ezer handirik egiten dugunik, eta mesedea... Senideek asko eskertzen dute, eta jasotzen dugun esker ona asko estimatzen dugu guk ere.

Zein prestaketa eskatzen du?

Prestaketa? Ez du prestaketa berezirik: gidatzen jakitea. Horrelako furgoneta bat ez da kotxe bat bezalakoa, baina, bueno, denetariko jendea etortzen da lan hau egitera. Gogor xamarra izaten da neke handia izaten dela eta ordu asko direla gidatzen. Normalean lanetik gatozelako: aste guztian lan egin, ostiralean lanetik atera, siestatxo bat egin, eta gidatzera. Nahiko gogorra da, baina, era berean, aberasgarria.

Zenbat orduz aritu zara gidatzen?

Ostiralean, 19:00etan atera ginen Donostiatik, eta, gaur, larunbata, 09:30ean sartu gara ohera Algecirasen. 12:30ean berriz esnatu gara, dutxatu, eta berriz ere furgoneta hartu dugu 13:00etan. Bazkaldu, eta bueltan gatoz. 48 orduan ez dakit zenbat ordu lo egingo ditugun...

Beldurren bat izaten duzue?

Ez dut uste horretan pentsatzen joaten garenik, baina jendea daramazu atzean, eta ardura handia da. Baina, bueno, aurrera! Orain siestara [irriak].

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide