Jaurlaritzak «apustu sendoa» egingo du lehen arreta indartzeko

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko abe. 24a, 00:00

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 185 milioi euro bideratu asmo ditu 2021ean COVID-19aren aurkako neurriak finantzatzeko. Osasun Sailaren 2021erako aurrekontua aurkeztu zuen Gotzone Sagardui sailburuak atzo Eusko Legebiltzarrean, eta nabarmendu zuen beharra egonez gero funts horren kopurua handituko dutela. Langileen taldeak handitzeko, osasun materialak erosteko, inbertsioetarako eta COVID-19aren aurkako txertoak eragingo duen gastua ordaintzeko baliatuko dute diru kopuru hori. Sagarduiren esanetan, bereziki lehen mailako arreta indartzeko «apustu sendoa» egingo dute.

Osasun Sailaren aurrekontua 4.183 milioi eurokoa izango da; hau da, %6 handituko da 2020koarekin alderatuta. Horrek esan nahi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle bakoitzeko 1.902 euroko gastua egingo duela Osasun Sailak -1.801 euro izan dira aurten-. «COVID 19-aren aurkako borrokak lehentasuna izaten segitzen du, baina ezin ditu hipotekatu gainontzeko jarduerak», nabarmendu du Sagarduik.

Osakidetza finantzatzeko 3.216 milioi euro bideratuko ditu sailak, eta hamar eurotik zazpi erabiliko ditu langileen gastuak ordaintzeko. Kasu horretan %7 igoko da kopurua 2020ko aurrekontuekin alderatuta. 70 milioi euro baliatu asmo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azpiegiturak «modernizatzeko eta eguneratzeko».

Osasun publikoaren eta mendekotasunen esparrurako 24 milioi euroko funts bat gorde du sailak. Arreta soziosanitariorako diru saila 30,7 milioi eurokoa izango da, eta ikerketa eta berrikuntzarakoa 21,7 milioi eurokoa.

Gizarte politikak «indartuz»

Gizarte Politiken Sailburuordetzaren aurrekontua %13,5 handituko da 2021ean, aurtengoarekin alderatuta -20 milioi euro pasa gehiago-. Hori adierazi zuen, atzo, parlamentuan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Sail osora 129 milioi bideratuko dituzte. «Berdintasun politikak eta bazterketa sozialaren kontrako borroka indartuko ditugu», esan zuen Artolazabalek.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide