Lasserre, EH Bai eta abstentzioa

Erabiltzailearen aurpegia berria 2021ko eka. 28a, 13:39

Zentro eskuina gailendu da, berriz, departamendurako bozetan. Ipar Euskal Herriak dituen hamabi kantonamenduetatik hamaika irabazi ditu, eta historikoki alderdi sozialistarenak ziren Baionako bi eremutan irabaztea lortu du. Hala, Jean Jacques Lasserre Forces 64eko hautagaia izanen da Pirinio Atlantikoetako presidentea ondoko sei urteetarako, sorpresarik ezean. Tokian tokiko jaunttoen boterea arrakalatzen hasia zela pentsa zezaketen batzuek; oraindik sendo dagoela erakutsi du. «Badakigu zein izanen den gure lana ondoko sei urteetarako: notabilismo eta klientelismo horren kontra lan egitea, ikusten baita sistema horren sareek oraino funtzionatzen dutela», adierazi zuen Anita Lopepe EH Baiko hautagaiak bigarren itzuliko bozen emaitzak ezagutu ondotik.

Zentro eskuinaren olatuak alderdi sozialistako bi figura eraman ditu berekin: Cristophe Martin eta Henri Etxeto. Beren bikoteekin batera historikoki PSrenak izan diren Baiona–2 eta Baiona–3 kantonamenduetan zuten lekua galdu dute. Etxeto izan da Departamenduko ezkerraren buru azken sei urteetan; agintaldi honetarako ez du Pauen eserlekurik izanen. Ikusteke dago frantziar nazionalismoaren figurak zer erabaki hartzen duen bere etorkizunari buruz. Politika uzteko hautua eginen balu, panorama berri bat sor liteke Baionan, bere figura izan baita oztopo nagusia ezkerreko abertzaleekin elkartu eta ezkerreko indarren batasun batera iritsi ahal izateko. Abertzaleen aldarrikapenekiko sentsibilitate gehiago erakutsiko duen belaunaldi bat agertu beharko litzateke Etxeto joan ondotik egoera horretara iritsi ahal izateko; baina, ez da errana hala gertatuko denik, joera hori izan lezaketenak jadanik urrundu baitira alderdi sozialistatik.

Abertzaleen bilakaera

Emaitza interesgarriak lortu dituzte ezkerreko abertzaleek, ondorio eta irakurketa askotarikoak ateratzeko aukera ematen dutenak. Lehen itzulian, hautesleen bi herenek ez bozkatzea erabaki bazuten ere, 2015ean baino 2.981 boz gehiago lortu zituzten EH Baiko hautagaiek. Baina oso joera ezberdinak izan zituzten kantonamendu batzuetan edo besteetan.

Donibane Lohitzunen 2015ean baino 1.653 boz gehiago lortu zituen lehen itzulian Peio Etxeberri-Aintxart eta Leire Larrasa bikoteak, bikoitza baino gehiago. Azpimarratzekoa da 2015ean zazpi hautagaitza aurkeztu zirela, horien artean, alderdi sozialistarena eta ezkerreko frontearena. Aurten hiru baizik ez zeuden lehian: zentro eskuina, batasun nazionala eta EH Bai. Pentsa daiteke, beraz, Frantziako ezkerreko hautesle batzuek lehen itzulitik abertzaleei bozkatzea erabaki dutela. Batzuek abertzaleekiko izan zitzaketen harresiak arrakalatzen ari badira ere, seguruenik bidea falta da oraindik eskuinaren kontrako bozka gisa identifika litzatekeen hori abertzaleen aldeko bozka bilaka dadin.

Errobi-Aturri kantonamenduan argi gelditu baita EH Baiko hautagaitzek eskuratzen duten bozka beti ez dela ezkerreko abertzaleen alde emandakoa. 2001etik Hiriburuko (Lapurdi) auzapez den Alain Iriart aurkeztu izan da eremu horretan, azken urteetan, eta gehienetan airez aire irabazi ditu bozak. Euskal Hirigune Elkargoan kargua duenez, aurten ez da aurkeztu, eta 1.580 boz gutxiago eskuratu ditu EH Baik eremu horretan; 2015ean baino kasik erdia gutxiago. Ondoriozta daiteke Iriartek lortzen zuen bozka gehiago zela tokiko notableari emandako babesa, ezkerreko proiektu abertzaleari emandakoa baino.

Eta azkenik, bada Baionako kasua. Herriko bozetan eta departamendukoetan lortutako emaitzei begira, ezkerreko abertzaleak bozka kopuru berdintsuen inguruan dabiltzala ageri da. Herriko bozetan 1.307 boz lortu zituen Baiona Berriak 2001ean, eta 2008an, 1.134; 2014koetan, 1.642 boz eskuratu zituen Baiona 2014 zerrenda zabalak, eta Frantzia Intsumisoko Ensemble sektorearekin eta ekologistekin osatutako Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendak 1.597 lortu zituen iazko ekainean. Departamenduko bozei dagokienez, 1.661 boz eskuratu zituen EH Baik 2015ean, eta 1.894 eskuratu ditu aurten, kontuan hartuta Baiona-1 kantonamenduan Angeluko (Lapurdi) zati batek bozkatzen duela, eta Baiona-3n Bokaleko zati batek. Agerikoa da, gaur egun oraindik, ez dutela aurkitu formula eremu hori euskaldundu, eta ezkerretik abertzaletzeko.

Abstentzioaren erronka

Funtsean, ezkerreko abertzaleen bi argazki desberdin erakutsi dituzte aurtengo bozen bi itzuliek. Lehen itzulian, 2015ean baino boz kopuru handiagoa izan zuten kasik kantonamendu guzietan (Errobi-Aturrin eta Bidaxune-Amikuze-Oztibarren baizik ez ziren apaldu). Lehen itzulitik bigarrenera boz erreserba bat bazutela erakutsi dute kantonamendu gehienetan (Baigura Mundarrainen bakarrik apaldu dute), baina, 2015ean bigarren itzulian lortutako boz kopurutik urrun gelditu dira leku gehienetan.

Ezkerreko abertzaleen aldeko dinamika bat irakurri liteke EH Baik Departamenduko bozetan lortutako emaitzetan, baina inportantea da testuinguruan kokatzea. Azken urteetan, Euskal Herriko auzi nazionalari lotutako konfliktibitatea urteetan abertzaleek izan dituzten aldarrikapenen gutxieneko kontsentsu batera bideratu da, eta aldarrikapen maximalistak kasik desagertu dira diskurtso publikotik. Horrek esplika lezake, hein batean, hautesle batzuek errazago jo izana EH Baiko hautagaitzak babestera.

Baina, abstentzioaren joera ere azpimarratu behar da ezinbestean. Urtez urte, eta hauteskundez hauteskunde, etengabe emendatzen ari da. Emaitzen inguruko analisiak egiten saiatzea ezinbestekoa bada ere, hiru hautesletik bik hauteskundeak boikotatzea erabakitzen duelarik, zaila da beste ezeri begiratzea. Ipar Euskal Herriaren heren batek EH Bai ezkerreko lehen indar gisa kokatu duela erran daiteke, bai; baina, zer egin dezakete ezkerreko abertzaleek parte hartu ez duten gainerako bi herenengana iristeko?

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide