Alderdi «giltzarria» izan nahi du Elkarrekin Podemos-IUk hasi berri den urte politikoan. Legebiltzar taldeko bozeramaile Miren Gorrotxategik atzo jakinarazi zuenez, taldearen helburua ez da Eusko Jaurlaritza «higatzea», haren jardunean «ahalik eta gehien eragitea» baizik. «Gure indar korrelazioa kontuan hartuta, gure xedea da ahalik eta intzidentzia gehien izatea gobernuan».
Urte politiko berriak garrantzi handia izango du ezkerreko koalizioarentzat. Gorrotxategik azaldutakoaren arabera, EAJk eta PSEk gehiengo osoa baliatuko dute Eusko Legebiltzarrean lege ugari aurrera ateratzeko, eta testuinguru horretan oposizioko taldeek «erantzukizun historikoa» izango dute. Hala, Elkarrekin Podemos-IUk «aukera oro» baliatuko du gobernuarekin elkarlanean aritzeko eta bere jardunean eragiteko. «Ez dugu utziko aukera bakar batek ere ihes egitea; aukera guztiak baliatuko ditugu». Gaineratu zuenez, Elkarrekin Podemos-IUk «askatasun osoz» jardun dezake gobernuarekin akordioak lortzeko, ez baitauka «inolako motxilarik». Taldeak oposizioa egingo du legebiltzarrean, baina gobernura iristeko asmoari ez dio muzin egingo: «Herri honetan ezkerreko gobernu bat egoteari ez diogu uko egin nahi». Besteak beste, Berdintasun Legean akordioa lortzeko aukera ikusten du Gorrotxategik.
Estatus politikoa
Bestalde, Gorrotxategik azpimarratu zuen EP-IU estatus politiko berriari buruzko eztabaidan parte hartzeko prest dagoela, baina oraingoz beste taldeak ez dituela ikusten eztabaida horri ekiteko prest. Hala, estatus politiko berriari buruzko eztabaida «bere horretan» uztearen alde agertu zen, gaiaren inguruan adostasun zabalik ez den bitartean. «Ezin gara gaizki abiatu gai honetan, asko baitago jokoan gauzak gaizki egiteko; beraz, hobe da gaia bakean uztea ez bagara gai izango adostasun garrantzitsuetara iristeko».
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide