ETAren behin betiko su-etenaren hamargarren urteurrenaren harira, adierazpen instituzional bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Hiru gogoeta plazaratu ditu; iraganari, azken hamar urteetako bilakaerari eta etorkizunari begirakoak. Bingen Zupiria bozeramailearen esanetan, testua «ikuspegi itxaropentsu eta konprometitu baten» erakusle da, «oinarri demokratiko partekatuko» etorkizun baten aldekoa delako. Hala, «euskal gizartearen gehiengo handi baten sentimendua» ordezkatzen duela uste du.
«Atzera begira», Jaurlaritzak «zentzugabetzat» jo du ETAren «jarduera terrorista», eta nabarmendu hura «modurik irmoenean gaitzesten eta salatzen» duela: «Berrogeitaka urtez iraun zuen indarkeriazko jarduna ezagutu dugun eskubide eta askatasunen urraketarik larriena izan zen». Horren ondorio dira «ETAk utzi zituen 854 hildakoak eta zauritutako, bahitutako, mehatxatutako eta estortsionatutako milaka pertsonak», azaldu du Zupiriak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Hartara, su-etenetik gaurdainoko epea «baikorra» izan dela azaldu du, eta gehitu hura «gizarte gisa norabide onean» emaniko «pauso sendo eta erabakiorren» ondorio dela: «Gizarte bezala konfiantza berreskuratu dugu geure gaitasunetan, eta hori ere aurrerapen esanguratsua da».
Prozesu horretan, «biktimen aitortza», «erakundeena, gizartearena eta morala», lehen pauso bat dela uste du Jaurlaritzak. «Biktima guztiena», nabarmendu du Jaurlaritzak adierazpenean: «Bai ETAren biktimena eta bai eskubideen urraketa guztien biktima izan diren guztiena». Izan ere, Zupiriaren esanetan, bizikidetza bada helburua, ezin da inor atzean utzi. Hori kontuan izanik, etorkizuna eraikitzeko memoriak duen garrantzia azpimarratu du.
«Bizikidetza da bidea»
«Itxaropenez eta konpromisoz betetako» azken gogoeta batean, «printzipio eta balio demokratikoetan oinarrituriko» etorkizun baten aldeko apustua defendatu du Eusko Jaurlaritzak. Printzipio horiek «pertsonaren duintasuna, giza eskubideen errespetua eta berme eraginkorra, indarkeriarik eza, errespetua, elkarrizketa, aniztasuna eta pluraltasuna» dira, Zupiriak azaldu duenez: «Bat gatoz denok bizikidetza indartzeko eta hobetzeko printzipioak direla, eta bizikidetza da bidea».
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide