Lapurdin bizi ahal izatea galdegingo du Oier Oak etzi Parisen

Erabiltzailearen aurpegia berria 2021ko aza. 6a, 00:00

Oier Oa euskal preso ohiak Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea duen ala ez. Hara zer erabaki beharko duen Parisko Zigor Auzitegiak ondoko asteetan. Lapurdin errotua izanik ere, Zugarramurdin (Nafarroa) bizitzera behartua da Oa, emaztearengandik eta semeengandik banatua. Frantziako Estatuan bizitzeko debekuaren kontra ezarritako helegitea aztertuko dute astelehenean Parisen, eta, berak eta familiak pairatzen duten egoeratik ateratzeko aukera izanen dela espero du.

Frantziako Poliziak 2012ko otsailean atxilotu zuen Oa, Angelun (Lapurdi), eta, lau urteko espetxe zigorra beteta, 2015eko uztailean aske gelditu zen. Frantziako lurraldean bizitzeko debekua eman zioten orduan. Baina, laster Larresorora (Lapurdi) itzultzea erabaki zuen, familiarekin bizitzera. Iazko azaroan atxilotu zuten arte. Baionara bidean, errepide kontrol batean gelditu, eta Frantziako Estatuan bizitzeko zuen debekuaren ondorioz, komisariara eraman zuten. Biharamunean, aske utzi zuten. Bere egoera konpondu bitartean Zugarramurdin bizi da, lagun batzuek utzitako etxean.

Martxoan, Baionako prokuradorearen bulegoan izan zen, eta hark zigor proposamena egin zuen: lau hilabeteko espetxe zigorra, gibelapenarekin. Oak ez zuen onartu, eta, beraz, epaitua izan beharko du. Otsailean du zita Baionako auzitegian, Parisko erabakia iritsi artean, Baionako auzia gibelatzea onartu baitzuten.

Igor Uriarte euskal preso ohiaren aurrekaria dago hor: maiatzean kendu zioten lurralde debekua, eta, irailean, Baionako auzitegiak ez zuen zigortu debekua ez errespetatzeagatik. Oak espero du erabaki horrek berean eragina izatea. «Aurkeztu dugun txostenean ageri da nola lurralde debekua kontraesanez betetako neurri bat den. Baikor naiz egoera alda dadin», azaldu dio Ipar Euskal Herriko Hitza-ri.

Uriarteren aurrekariaz gain, beste bi argumentu plazaratuko dituzte Parisen: Europako Batasuneko herritarrek Schengen eremuaren barnean mugitzeko duten eskubidea eta familiarekin egoteko eskubidea.

Bernat Etxepare lizeoko langilea da Oa; ikasleek ekitaldi andana antolatu dute haren sostenguz. Astelehenean, lasterkaldia eginen dute, Hiriburun (Lapurdi) atxilotu zuten lekutik lizeora. Dokumental bat ere ondu dute. Astelehenean ikusgai izanen da, 20:00etan, BERRIAren webgunean.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide