Aiert Larrarte abokatuak gibelean zituen abokatu gazteei erreferentzia eginez abiatu zuen haren mintzaldia joan den asteazkenean Espainiako Auzitegi Nazionalean: «Ikasten ari diren abokatuek galdetzen didate: 'Zergatik tematzen dira CNIren parte hartzea ukatzen? Eta zergatik ez datoz CNIkoak deklaratzera? Nolatan ez dakigu nor diren ere?'». Ikasleek ez baitute halakorik ikasi Zuzenbideko Graduan. Baina ez dakiela gazteei nola erantzun, Larrartek. Haiek ere harrituta daudelako. Ez delako ez legala, ez ohikoa: Espainiako inteligentzia zerbitzuek sekretuan jardutea bai, baina ez prozesu judizialetan parte hartzea.
Galdera bat, abokatu berak, Angela Murillo epaileari, minutu batzuk geroago: «Denak balio du? Ala bermedun epaiketa bat egingo dugu?». Erantzuna, lehentxeago, Jone Goirizelaia abokatuak: «Epaiketa batean denak ez du balio». Jose Mari Elosuak azken saioan azaldu gisan, adibidez, ez du balio fiskalak auzipetuei eskatzeak haien aurkako akusazioak frogatu edo gezurtatzeko: errugabetasun presuntzioaren aurka doa. Edo ez du balio frogarik gabe egitateak leporatzeak. Baina Espainiako Auzitegi Nazionalean halakoak gertatzen dira.
Denak ez du balio dio bere burua 2019an desegin zuen Berri Txarrak taldearen kanta batek. 2003koa da, eta honela hasten da: «Ez gaudela Erdi Aroan, egutegiak dio». BERRIAko eta Euskal Herriko gainerako etxeetako egutegiek 2021a dela diote, baina honela adierazi zuen Jose Perals fiskalak joan den astean Espainiako Auzitegi Nazionaleko gela berean: «ETA ez da desagertu». ETAk 2018an desegin zuen bere burua, eta 2011n hartu zuen jarduera armatua uzteko erabakia, baita egin ere. Baina Perals ez da fio: «Sinaloako kartelak erraten badu drogarekin trafikatzeari utzi diola, ez diogu hargatik haiei jazartzeari utziko». Mexiko eta Euskal Herria, narkotrafikoa eta ETA. «Leku hauetatik urrunduta, garai hauetatik urrunduta», segitzen du Rise Againsteko Tim McIlrath-en ahotsak Denak ez du balio kantuan.
Jon Enparantza auzipetuak aurka egin nahi izan zion fiskalari azken auzi saioan: «Ezin da segitu esaten ETA oraindik existitzen dela: falazia bat da». Baina moztu egin zion Murillo epaileak: «Zuri horrek ez dizu batere axola». ETAko buru izateaz akusatuta hamabi urteko espetxe zigorra jasotzeko arriskuak axola dezakeen tamainan, beharbada.
Euskal presoen eta ETAren arteko lotura egitea leporatzen diete 13/13 auzian auzipeturikoei: ETAren «fronte juridikoa» osatzea, Halbokaren eta Koordinazio Taldearen bidez. Baina auzipetu diren abokatuek bertze gisa batez deskribatzen dute eurek egin zuten eta egiten duten lana: «Euskal presoen arteko eztabaida koordinatzen lagundu nuen, kartzela legedia onartzearenean», zioen Arantza Zuluetak ortzegunean. «Eta merezi izan du». 2021eko egutegian, BERRIAren zenbaketaren arabera, datu hauek: bat izan ezik, euskal preso guztiak gutxienez bigarren graduan daude, Madrildik goiti dira Espainiako Estatuko guziak, eta Euskal Herriko kartzeletan, 70 bat. Hirugarren graduan guti batzuk, eta non eta Espainiako Auzitegi Nazionalean trabatuta bertze hainbat gradu aldaketa eta baimen eskaera. Abokatuen lanak balio du? «Ez gaudela Erdi Aroan» dio berriro Gorka Urbizuk, «gutxiengo direnentzat sorgin ehizak dirauen arren». Eta esaldi honekin bukatzen du McIlrathek: «Aldaketari buruz hitz egiten ari naiz».
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide