Sintesi bat irudikatu zuten Batasunak eta Eusko Alkartasunak Euskalduna jauregian 2010eko ekainaren 20an; bi familia politikoek estrategia politiko bat partekatzea ahalbidetzen zuen sintesi bat, alde batean eta bestean egon zitezkeen kontrakotasunen gainetik, akordioaren abantailak nagusitzen zitzaizkiona. EAJrekin koalizio gobernuak osatzetik zetorren EA azken hamarkadan, eta estrategia politiko-militarretik soilik politikora igarotzeko prozesuan zen ezker abertzalea; abiapuntuko posizio urrun horietatik heldu ziren bi familiak puntu komun batera, nork bere etxeko desadostasunak kudeatuta.
Lortu arte-ri -ezker abertzalearen eta EAren 2010eko hitzarmenari, ez larunbateko martxaren leloari- Euskal Herria Ezkerretik agiriak eman zion segida, Alternatiba batuta, eta Bildu sortu zen hurrena; 2011ko udal eta foru hauteskundeetan panorama politikoa astindu zuen koalizioa. Ezker subiranistaren batasuna, sei hilabete geroago Aralar batzean osatu zena.
Ezker abertzalearen eta EAren sintesi horren emaitza da hein batean EH Bildu, eta sintesi horrek oraindik ere estres testak bizi ditu. Koalizioak hamar urteko ibilbidea egin duelako, eta bide horretan norabide bat ere hartu duelako; alderdi formarekin eta politika instituzional jakin batekin. Kontua da jada testuingurua ez dela 2010ekoa, eta ETAren indarkeria alboratzeak zekarren pizgarri politikoa ez dela existitzen gaur egun. Eta, hor, 2010eko sintesiaren josturak daude proban.
Estrategia politiko-militarrari buruzko eztabaida gaindituta, ezker abertzaleak bere baitan du beste debate bat, Sorturen kongresuan aurkeztutako Lurrari Lotuz osoko zuzenketak adierazten duenez: EH Bilduk, aparatu elektoral gisa, zenbaterainoko zentraltasuna behar duen ezker independentistaren estrategia integral batean, eta, horrez gain, Sortuk zer rol jokatzen duen estrategia horretan. «Sortu ahultzen eta desegiten ari da EH Bilduren eta EH Bairen mesedetan, hirurak beharrezkoak direnean. Ahultze gradual horren ondorioz, Sortuk ezin du dagokion funtzio ideologiko-politikoa bete: askapen prozesuaren zuzendaritza estrategikoa», diote Lurrari Lotuz-en egileek. Asteburuko emaitzek adierazten dute Sortuko zuzendaritzak proposatutako norabideak kideen babes zabala duela, baina norabide horrekin kritiko direnen ahotsa entzuteko adina ozena dela.
Beste koordenatu politiko batzuetan bada ere, Eusko Alkartasunaren zuzendaritzarekin kritikoa den sektorearen argudio nagusietako bat ere horixe da: beren alderdia ahultzeko edo desegiteko arriskua. EAren barruan bizi den egoerak ere badu zerikusirik EH Bildu ulertzeko moduarekin: EAko kritikoek lehenetsitako alderdien koalizio klasikoa versus «koalizio forma, alderdi egitura eta mugimendu bokazioa» duen EH Bildu, bigarren kongresuan aurkeztu zuten bezala. Alderdien aniztasuna adierazten duen batasuna edo alderdiekiko kidegotik harago doan espazio politikoa, bestela esanda.
Mugimendu gisa, hauteskundeetako emaitzez eta instituziogintzaz harago, EH Bilduk asteburu honetan bertan erakutsi du aldarrikapen batzuk egituratzeko -«nazio feminista, sozialista, burujabea, ekologista, parekidea»- eta horien inguruan mobilizatzeko -40.000 lagunetik gora elkartzeko- gaitasuna. Baina, antolaketa ereduari dagokionez, ikusteko dago EAren barruan bi ildoen arteko sintesi komunik posible den, eta horretarako borondaterik badagoen; bi EAk bakarrean kabitzen ote diren, edo irtenbide posible bakarra zatiketa den. Eta, bide batez, EH Bilduren josturak zenbaterainoko malguak diren, Sorturen eta EAren (eta, noski, Alternatibaren) barruan diren ikuspegi ideologiko eta organizatibo guztiek elkarrekin bizitzeko.
Ziur aski, aniztasun horrek eman dio EH Bilduri bere alderdi fundatzaileez haragoko hautesleengana iristeko aukera, baina, aldi berean, soilik alderdi horiek gainditzen dituen proposamen politiko batek -eta hori islatzen duen egituraketa batek- lor dezake ezkerreko subiranismoaren mugimendura gero eta jende gehiago biltzea.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide