Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxea epaitzea ebatzi du

Erabiltzailearen aurpegia berria 2021ko aza. 26a, 00:00

Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi du ahozko epaiketa egitea Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari. Zehazki, 1987an Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuartelaren aurka egindako atentatuari lotuta epaitu nahi dute. Urrutikoetxeak alegazioak aurkeztu zituen auzia artxibatu zedin, baina magistratuek erabaki dute ez dagoela zertan onartu «instrukzio fasean aurkeztu ez denik», uste baitute haren aurkako zantzuak «sendoak» direla.

Azaro hasieran, Urrutikoetxeak ukatu egin zuen kuartelaren aurka eginiko atentatuan ardurarik izan zuela. Urrutikoetxearen aurkako akusazio bat zabalik du Auzitegi Nazionalak, eta epaiketa egitearen aurkako helegitea aurkeztu zuen Urrutikoetxeak. Idatzi horretan, gogorarazi zuen eraso hori ikertu izan dutela aurretik ere, zigor epaiak ere eman zituztela, eta ikerketa horietan ez zela azaleratu Urrutikoetxeak erantzukizunik zuenik. Are gehiago, argudiatu zuen ETAren orduko «ustezko kidetza» erabili dela Urrutikoetxea bera atentatuaren «azken erantzule» bihurtzeko. Gaineratu zuen bere aurkako akusazioaren oinarria Guardia Zibilaren 2001eko txosten bat dela.

Auzi sorta, zabalik

Irailaren 1ean, Josu Urrutikoetxea errugabe jo zuen Parisko Zigor Auzitegiko epaileak, eta atzo berriz epaitu behar zuten, 2002 eta 2005 artean ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Baina, anitzen ezusterako, ezohiko erabaki bat hartu zuen epaileak: bertan behera utzi zuen epaiketa, eta berriz instrukziora bidali sumarioa.

Auzi ugari zabalik izan ditu Urrutikoetxeak Espainiako nahiz Frantziako auzitegietan. Esaterako, Espainian, aurtengo maiatzean, Santiago Pedraz epaileak bertan behera utzi zuen Urrutikoetxea epaitzeko 2005ean zabaldutako autoa. 1980an Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako arduradunaren hilketan parte hartu izana egozten zioten.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide