Enrique Maia ez da berearekin atera

Erabiltzailearen aurpegia berria 2021ko abe. 31a, 00:00

Hamalau boto kontra, hamahiru alde. Azkenean, Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Navarra Sumak ez dute lortu berea egitea, eta ezin izan dute Joxe Abaurreak utzitako hutsunea baliatu 2022ko aurrekontu proiektua ateratzeko. Atzo, urte amaierako azken osoko bilkuraren hasieran, Garbiñe Buenok kargua hartu zuen, eta, haren botoa gehituta, EH Bilduk (zazpi zinegotzi), PSNk (bost) eta Geroa Baik (bi) atzera bota zituzten aurrekontuak. Oposizioak «errealitatetik kanpoko» egitasmo bat aurkeztea aurpegiratu zion Enrique Maiari. Iruñeko alkateak ihardetsi zien eurek ez dutela proposamen bakar bat aurkeztu.

Azken asteak gorabehera handikoak izan dira udal taldeen arteko joko politikoan. Urtero, udal gobernuak azaro hasieran aurkeztu ohi ditu aurrekontuak, baina, aurten, epe hori hilabete inguru atzeratu du Navarra Sumak. Egun batzuk lehenago, urriaren 25ean, EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak udalen artean tokiko ogasuneko dirua banatzeko irizpideak aldatu zituzten, eredu bidezkoago bat bilatzeko asmoz. Besteak beste, hiriburutzaren gutuna izateagatik, urtero jasotako dirua kendu egin zioten Iruñeko Udalari. Aldaketa hori salatzearekin batera, prestatzen ari ziren aurrekontu proposamena egokitzeko denbora eskatu zuen Maiaren udal gobernuak.

Alta, udal talde guztiek, Navarra Suma barne, ondo zekiten abenduaren 9an Joxe Abaurrearen aurkako epaiketa egitekoa zela 2019ko txupinazoko istiluen harira. Ikurrina zabaltzeko saioan, udaltzain talde bat gogor oldartu zitzaien EH Bilduko hainbat hautetsiri. Haatik, Carmen Alba Navarra Sumako zinegotzia jo zuelakoan, fiskalak 20 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen Abaurrearentzat, eta, eskaera hori aurrera atera ez zedin, defentsak sei hilabeteko espetxe zigorra hitzartu zuen. Akordioaren aurrean, kargua bere borondatez uztea erabaki zuen Abaurreak.

Epaiaren berri izan eta goiz berean, Navarra Sumaren udal gobernuak 2022ko aurrekontu proiektu berria aurkeztu zuen, hilabete lehenago argudiatutako egokitzapenik egin gabe. Udal finantzaketaren eredu aldaketa parlamentuan onartu gabe zegoela argudiatu zuen; aitzitik, argi zegoen hutsunea baliatu nahi izan zutela Abaurrearen ordezkoari, Garbiñe Buenori, kargua hartzeko denborarik ez emateko. Horregatik, aurrekontua bozkatzeko prozeduran, epeak atzeratu zituen, osoko bilkura abenduaren 30era pasatuz. EH Bilduko zinegotziaren botorik gabe, Iruñeko alkatearen kalitateko botoak erabakiko zuen bozketaren emaitza.

Azken asteetan, Maiak ez du ezkutatu asmoa. Jokaldiaren jakitun, EH Bilduk Buenoren izendapena azkartzeko pausoak eman ditu. Azkenean, atzo, gai zerrendako lehen puntuan sartu zen kargu hartzea. «Lege aginduz» hautetsi izateko zina egin zuen Buenok. Iruñerriko Mankomunitateko ordezkari ere izendatu zuten. Maiak zoriondu egin zuen.

Behin partidaren emaitza erabakita eta karta guztiak mahai gainean, Navarra Sumako Maria Etxabarrik, ardura oro teilatu gainetik kendu, eta errua besteei bota zien. «Azkenik amaitu egin da, eta zuek izan zarete antzezpen horretako aktore nagusiak», aurpegiratu zien oposizioko alderdiei, eta gaineratu: «Zuek aritu zarete denborarekin jolasten eta zuek jarri duzue kolokan espedientearen epea. Guk aurreikusitako denboran egin dugu, eta atzerapena zuen erruz izan da».

EH Bilduko Joseba Asironek argudiatu zuen «iruzur egiteko ahalegina» egin duela Navarra Sumak. «Jokaldia gaizki atera ostean, guztia antzezpen bat izan dela diozue orain, txantxa bat zela. A zer lotsagabekeria». Politikoki «asmo txarrez jokatzea» leporatu zion Maiari: «Zorionak. Garrantzi politiko oro galtzeko zure lasterketa eroan, lortu egin duzu hiriaren interesak Nafarroako Gobernuaren aurkako instrumentu alderdikoi huts bihurtzea. Espero dut Esparzak zoriondu izana, Iruñeak ez baitu egingo».

PSNk iaz Navarra Sumarekin akordioa hitzartu zuen 2021eko aurrekontuen alde. Aitzitik, aurten, akordio horretako proposamen nagusiak bete ez izana aurpegiratu zion Maite Esporrinek Maiari. «Ekainetik ez zarete bildu gure proposamenak aztertzeko. Jarrera horrekin ikusten da zer asmo zenituzten».

Geroa Baiko Javier Leozek ez zuen ezkutatu prest zeudela zentsura mozioaren aukera aztertzeko baldin eta Maiak Abaurrearen hutsunea baliatu izan balu. «Esan genizun zentsura mozioaz hitz egiteko prest ginela, eta ez zen xantaia bat. Pozten gara ez delako bete».

Azken hitza Maiak izan zuen. Haren irudiko, EH Bilduk egin du iruzur, eta ez Navarra Sumak. Geroa Bairi aurpegiratu zion ez duela hitz egiteko borondaterik. «Hitzek gauza bat diote, eta ekintzek beste bat». PSNren aurrean tonua leundu zuen. Haren ustez, norbaitek irizpidea markatu dio Esporrini: «Gonbidatzen zaitut jaramonik ez egitera. Asironekin baino gehiago fidatzen zara nirekin. Inoiz ez zenidake esango, hari esan zenion bezala, 'Agur, Maia'»

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide