Errespetu kontua

Erabiltzailearen aurpegia berria 2022ko urt. 15a, 00:00

Katalana ikasten ari dela adierazi du Michel Sanchezek, Girona futbol taldeko entrenatzaileak, SER irrati katean. «Ahalik eta lasterren» hirian integratu nahi izan duela gehitu du. Hizkuntza horretan moldatzen ote den galdetu dio kazetariak. «Bai, jada zertxobait moldatzen naiz». Norberak lan egiten duen lekuko hizkuntza ikastea «beharrezkoa» dela azaldu du Sanchezek. «Errespetu kontua», haren ustez. «Nire hezieraren zati bat da. Halaxe irakatsi didate gurasoek auzoan, Vallecas-en. Langile jende asko erakartzen duen auzoa da, lehen momentutik bertatik etxean legez sentitzen dena. Inguruan integratzeko modurik onena katalanez hitz egiten jakitea dela uste dut. Ulertu nahi duenak uler dezala eta nahi ez duena... adimen laburrekoa dela iruditzen zait».

Langile auzoa da Vallecas. Bertakoa da Michel Sanchez. Pentsaera hori etxean bereganatu zuen entrenatzaile madrildarrak. Kazetariei katalanez galdetzeko eskatu die. Azken asteotan katalanez erantzuten hasi da Sanchez prentsaurrekoetan. Hemengo zenbait entrenatzailek badute zer eta non ikasi.

Vallecas bezalako langile ingurune batean sortu zen Kataluniako murgiltze eredua, Bartzelona ondoko Santa Coloma de Gramenet herrian, 80ko urteen hasieran. Orduan Kataluniako hiriburuko gerriko gorriaren zatia zen herria; Kataluniara lan bila joandako lagun ugari bizi ziren bertan. Katalana bazterreko hizkuntza zen. Hala ere, Santa Coloman sortu zen murgiltze eredua.

Ezkerreko alderdi eta kolektiboek bultzatu zuten murgiltze eredua. PSUCek —Kataluniako Alderdi Sozialista Batua— indar handia zuen orduan. Zenbait talde nazionalista katalanek, ordea, ez omen zuten egokitzat jotzen eredu hori eskola publikoan ezartzea. Azkenean, katalana irakaskuntzaren hizkuntza nagusia izatea lortu zen, baina. Urte askoren ostean, 2019an, aukera hori defendatu zuen PSCko buru Miquel Icetak Bartzelonan, Poblenou auzoko alderdiaren egoitza berria irekitzeko agerraldian: «Ez dugu onartuko haurrak hizkuntzaren arabera banatzea. Inoiz ez!».

Gurean beste modu batez jokatu zuten sozialistek. Gurasoen aukera edo apeta hutsaren menpe utzi zuten dena. Inposizioaren kontra agertu ziren —soilik euskararen inposizioaren kontra, jakina—. Euskara ikasteko eskubidea gurasoen eskuetan utzita, ez al zaie euskara ikasteko eskubidea ukatzen haien seme-alabei? Hizkuntzen araberako banaketa onartu zuen hemengo klase politikoak. Steilas sindikatuaren ordezkari Aitor Idigorasek Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko diferentzia nabarmendu du Vilaweb-i eskainitako elkarrizketan: «Katalunian ez bezala, EAEn ez zen itun sozialik izan. Itun politikoa izan zen, familiei eskola aukeratzeko eskubidea bermatzeko, erdaldunak erdaldunekin edo elebakarrekin egon zitezen, euskal familiek eskolatuak izateko aukera izan zezaten, erdaldunek kutsatu gabe (...) Huts historikoa izan zen. Maketoak, halaxe deitzen zitzaien, baztertu zituzten. Xarnego-ak, aldiz, katalantzat jo zituzten ondorio guztietarako eta eredu inklusibo batean egon ziren». Haren iritziz, banaketaren ondorioak begi bistakoak dira gaur egun: «Sare pribatu eta kontzertatuaren zatirik handiena, EAEn %50 dena, seme-alabei euskara ikasteko eskubidea ukatzen dieten gurasoen babeslekua izan da urte luzeetan».

Murgiltze eredua modu bakarra da umeak euskalduntzeko. Ez da perfektua, inolaz ere, baina hori gabe ez goaz inora. Umeek hizkuntza ikasteko eskubidea gurasoen apeta, filia eta fobien menpe uzteak ez du bermatuko belaunaldi gazteenek Euskal Herriko berezko hizkuntza ikastea. Haurrak baztertzen segitzea ekarriko du. Katalunian xarnego-ak integratu zituzten. Hemen maketoak baztertu. Hala segituko dugu etorkizunean ere? Familiek hizkuntza aukeratzeko ustez duten eskubideak ez luke umeen formakuntza oztopatu behar. Ikasleak, gizabanako gisa, eskubide subjektuak dira. Errespetu kontua da. Haiekiko errespetua. Herri honekiko errespetua. Ulertu nahi duena, ondo. Ulertu nahi ez duena...

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide