EAk lau urterako eten dio militantzia Ramirezi

Erabiltzailearen aurpegia berria 2022ko ots. 10a, 00:00

EAk jakinarazi duenez, Nazio Batzorde Eragileak aho batez onartu du Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen aurka 2021eko irailean irekitako zehapen espedientearen instruktoreak aurkeztutako ebazpen proposamena. Horren arabera, batzorde eragile nazionalak erabaki du ebazpen proposamen hori onartzea, eta, ondorioz, lau urtez EAko kidegoa etengo diete. EAren arabera, «frogatuta geratu da Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela».

Alderdiak frogatutzat du araudiko zenbait artikulu urratu dituztela: kargu publikoaren lanetan alderdiaren edo alderdiak egin ditzakeen koalizioen estrategiaren aurka egitea, alderdiaren aurretiko baimena izan gabe adierazpen publikoak egitea eta EAko afiliatu, jarraitzaile, langile edo kargu publikoei hitzez edo egitez tratu txarrak edo errespetu eta begirune falta larria izatea.

Ramirezek, Lopez de Aberasturik, Goenagak, Aranoak eta Korresek 30 eguneko epea daukate alderdiaren Berme Batzordearen aurrean helegitea jartzeko. Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzailea da; Goenaga, Gipuzkoakoa eta Aranoa, Nafarroakoa. EAk etzi zortzi abiatuko du kongresua, hilaren 19an eta 20an, eta, otsailaren 21etik aurrera etengo dietenez afiliazioa, kongresuan parte hartu ahal izango dute. Ponentzia eta zuzendaritza berriaren bozketan parte hartu ahal izango dute, baita beren burua zuzendaritzarako aurkeztu ere.

2017an, EAren ohiko batzar nagusian bi ildo agertu ziren, eta Pello Urizarrena nagusitu egin zitzaion Maiorga Ramirezenari. Handik aste batzuetara aukeratu zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako EAko koordinatzaile Lopez de Aberasturi, Goenaga eta Aranoa; hirurak, Ramirezen ildokoak —ildo ofizialaren esku geratu ziren Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko zuzendaritzak—. Harrezkero, desadostasunak nagusi izan dira alderdian: politikoki, besteak beste, EAk EH Bildun izan behar duen rola dago eztabaidagai.

Organikoki, 2019ko urrian egin zuten idazkari nagusia aukeratzeko prozesua; orduan, Hauteskunde Antolaketa Batzordeak lehiatik kanpo utzi zuen Maiorga Ramirezen hautagaitza; 400 bat abal eskuratu zituen Ramirezen hautagaitzak, beharrezkoak zirenak baino gehiago, baina Hauteskunde Antolaketa Batzordeak ebatzi zuen Ramirezek ez zituela aski abal eskuratu Ipar Euskal Herrian, eta, beraz, ez zituela hautagai izateko irizpideak bete. Hori horrela, eta hautagai bakarra izanda, Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi. Sektore kritikoak auzitara jo zuen, eta Gasteizko Auzitegiak izendapena eten zuen behin-behinean.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide