«Espero dugu Batzar Nagusiek herritarren erabakia errespetatzea»

Erabiltzailearen aurpegia berria 2022ko mar. 29a, 00:00

Pozik dago Usansolo Herria plataformako bozeramaile Monika Mena (Bilbo, 1980). Galdeketaren emaitza ikusita, uste du orain «usansolotarren erabakia errespetatzeko» garaia dela.

Nolakoa izan zen Usansoloko herritarrentzat galdeketaren eguna?

Sentimendu pila bat koktel ontzi batean sartu izan bagenu bezala izan zen. Alde batetik, poza sentitu genuen, sikiera berrogei urte luzeren ondoren lortu dugulako Galdakaoko Udalak ofizialki galdetzea ea udalerri independente izan nahi dugun. Oso giro polita izan genuen egun osoan, musika, alaitasuna, jendearen ilusioa... Bagenekien historia egiten ari ginela, eta egun historikoa izan zen.

Baina ez dizut gezurrik esango: urduritasun puntu bat ere bazegoen. Ez emaitzaren aldetik, bagenekielako baiezko borobila irtengo zela, baina parte hartzearen aldetik, guk nahi genuen gutxienez %60 gainditzea. Hori lortu genuenez, poza are handiagoa izan zen.

Eta emaitzei zer irizten diezue?

Oso onak dira, pozik egoteko modukoak. Herritarren %50ek parte hartzea nahikoa litzateke, baina %60k botoa eman izana sekulakoa da. Jendeak gogotsu hartu zuen erabakitzeko bere eskubidea. Eta zer esanik ez, baiezkoa borobila izan zen. Berriro ere argi utzi dugu gu Usansolo garela, udalerri sentimendua dagoela eta eskubidea ere badugula.

Hurrengo urratsak zeintzuk izango dira?

Orain urratsik garrantzitsuena Batzar Nagusietan dago. Galdakaoko Udalak Foru Aldundira bideratuko ditu galdeketaren emaitza eta memoria, hau da, ikerketa guztiak batzen dituen txosten teknikoa, frogatzen duena Usansolok Bizkaiko foru araudiak exijitzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela. Hori jasotakoan, Aldundiak loteslea ez den txosten juridikoa egingo du, eta Batzar Nagusiek izango dute azkenengo hitza.

Eta zuen ustez zer erabakiko dute Batzar Nagusiek?

Guk uste dugu jada ez dagoela inolako aitzakiarik. Memorian argi gelditzen da Usansolok baldintza ekonomikoak, juridikoak, soziologikoak, bideragarritasunari buruzkoak, zerbitzuetakoak eta abar betetzen dituela, eta herritarron iritzia ere argi gelditu da. Beraz, Batzar Nagusietatik espero duguna da hori errespetatzea eta gure borondate eta erabakia onartzea, besterik ez.

Noizko izan daiteke hori?

Bizkaiko foru arauan zehazten denez, prozedurak ezin du iraun bi urte baino gehiago. Guk espero dugu gaia Batzar Nagusietatik ahalik eta arinen pasatzea, eta tramitazio burokratikoarekin laster hastea. Usansolotarrok Batzar Nagusietan uda baino arinago egotea espero dugu.

Espainiako legearen arabera, desanexioa nahi duten herriek 5.000 biztanle baino gehiago izan behar dituzte. Usansolo gutxigatik ez da langa horretara iristen. Zuentzat hori arazo bat da?

Ez, eskumena Foru Aldundiarena delako. 2015ean foru arau bat ezarri zuten, egun indarrean dagoena, eta guk arau horretako baldintza guztiak betetzen ditugu. Espainiako legeak badaude, baina ahalmena Bizkaiarena da. Jakina, borondate politikorik ez balego, sar gintezke borroka juridiko batean, baina ez dut uste bidea hori denik, herritarren erabakia errespetatzea baizik.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide