Eskuin muturra geroz eta gorago

Erabiltzailearen aurpegia berria 2022ko api. 12a, 00:00

Emmanuel Macronen alde egin dute Ipar Euskal Herriko bozkatzaile gehienek. Bigarren lekua hartu du Jean-Luc Melenchonek. Ezkerreko beste hautagaien bozen parte bat kausitu du, azken asteetan «boz baliagarriaren» estrategia hedatu baita ezkerreko bozkatzaileen artean; lehen itzulitik eskuin muturrari bidea mozteko estrategia, alegia. Baina Frantziako emaitzak begiratuta, ez du parioa erdietsi. Eskuin muturreko Marine Le Pen hautagaiaren eta Macronen artekoa izanen da, berriz, bigarren itzulia. 2017an ere hala gertatu baitzen: hautagai ultraliberala, eskuin muturraren kontra.

Iparraldean hirugarren lekua lortu du Le Penek. Datua bera kezkagarria izanda, bada datu are kezkagarriagorik. Eskuin muturreko hiru hautagaiek lortutako bozen batuketa eginez, bigarren indarra da eskuin muturra Ipar Euskal Herrian. Eta 2017ko emaitzekin alderatuta, igoera nabarmena da. 2017ko lehen itzulian, Le Penek 21.739 boz lortu zituen (%12,10) eta Dupont-Aignanek bozen %3,42. Herenegungo bozetan, ordea, eskuin muturrak 44.823 boz lortu ditu: duela bost urte baino bi aldiz gehiago. Ehunekotan, bozen %24,7 ordezkatzen dituzte. Hau da: ia lau bozkatzailetik batek boza eman dio eskuin muturrari Ipar Euskal Herrian. Zehaztu behar da 2017tik 14.000 erroldatu gehiago direla; emendatze garbia da, beraz. Gainera, Ipar Euskal Herriko zenbait herritan lehena da Le Pen: Gixunen (Lapurdi), Bidaxunen (Nafarroa Beherea) Etxarrin, Sarrikotapean eta Lixozen (Zuberoa).

Beste datu deigarri bat, barnealdean. Jean Lassalle Biarnoko diputatua jalgi da aitzinetik Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri gehienetan. Tradizionalki eskuin errepublikanoaren eta zentro-eskuinarenak ziren herrietan Lassallek indar erakustaldia egin du. Tokiko hautetsiaren figura baliagarria izan zaio, alderdi tradizionalen gainbeheraren tenorean.

Bigarren itzuliari so, ikusteko dago Melenchonen bozkatzaileen bozak nora bideratzen diren eta bideratzen ote diren ere. Buruan baitute anitzek zer izan den Macronen agintaldia: polizia indarkeria, eskubide sozialen murrizketa, Benalla afera... 2017an, ia ezezaguna zen Macron, eta eskuin muturrari bidea mozteko estrategiak balio izan zion. Aurten zailagoa izanen du: eskuin muturrak duela bost urte baino boz erreserba handiagoa du.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide