Espioitza: praktika zaharra, era berriak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2022ko api. 26a, 00:00

Ez da gauza berria. Iraganean, antzeko kasu gehiagoren berri izan da Euskal Herrian, baina, tankera bereko adibideek beste herrialdeetan presidenteak kargugabetzeko balio izan badute ere, hemen gehienak ezerezean amaitu dira. Susmo orokorra da espioitza zabaltzen den baino maizago erabiltzen dela, zigorgabetasuna handia baita eta kolore politiko bateko zein besteko agintarientzat ez baitu ondoriorik. Aldatu den bakarra, espioitzaren teknika da. Jada ez da beharrezko alderdien egoitzetan kableak eta grabagailuak sartzea; nahikoa da politikarien sakelako solasaldiak entzutea, edo, Pegasus edo antzeko aplikazioren bat erabilita, intimitate eta informazio oro ebastea.

Haatik, ez dira beti Espainiako zerbitzu sekretuak tartean izan. Demokrazia garaian, ezagun egin zen lehen kasuan, Ertzaintza izan zen inplikatua. 1986ko udan atera zen argitara zen kasua, EAJren zatiketaren garaian eta Eusko Alkartasuna alderdia sortzeko prozesuaren erdian. Carlos Garaikoetxearen Zarauzko etxean entzuteko aparatu bat ezarri zuten. Urte hartan, ordu hartako Jaurlaritzak, ironiaz, esan zuen aparatu hura ez zela egina entzuteko, «aurkitua izateko baizik». Kasuak auzitegian amaitu zuen. Luis Mari Retolaza zen Barne sailburu, baina, kargurik gabe libre geratu zen auzian. Bi ertzain zigortu zituzten —tartean, Joseba Goikoetxea ertzainburua, 1993an ETAk eraila—.

2010ean, berriz, De Miguel auzia-ren karietara egindako miaketa batean, Aitor Telleria Arabako buruzagi jeltzalearen bulegoan topatu zituzten politikari, enpresaburu eta Arabako pertsona ezagun ugariren bizitzari buruzko datuak. Aurkikuntza hark beste auzibide bat ireki zuen, eta akusatuen aulkian amaitu zuten Telleriak eta bi ertzainek. Hala ere, Arabako Probintzia Auzitegiak errugabetu egin zituen, ez zegoelako «froga sendorik» ziurtatzeko, hain zuzen, informazio hori ertzainek bildu eta burukide ohiari igorri ziotela.

Halako kasuek nekez izan dute ondorio politikorik. Salbuespenetako bat 1995ekoa da, eta ziurrenik, helburuak eta zelatatuen nortasunak zerikusia izan zuelako. Urte hartan El Mundo egunkariak argitaratu zuen CESID zerbitzu sekretuen zentroak (egun, CNI) gutxienez hamar urte zeramatzatela politikarien, enpresaburuen eta kazetarien solasaldiak entzuten eta grabatzen; tartean, Espainiako erregearena. Eskandaluak gogor jo zuen Felipe Gonzalezen gobernua, eta Narcis Serra presidenteordeak, Julian Garcia Vargas Defentsa ministroak, eta Emilio Alonso Manglano CESIDeko orduko buruak dimisioa eman zuten.

Zelatatuen artean ezker abertzaleko 46 ordezkari ere bazeuden. Hiru urte geroago jakin zenez, CESIDek 1995era arte Herri Batasunaren Bilboko egoitza zelatatu zuen , eta Mahai Nazionalaren bilkurak grabatu. 1998an piztu zen polemika, HBren Gasteizko egoitzaren konponketa batzuetan teknikariek goiko solairura zihoazen kableak atzeman zituztenean —gerora jakin zenez, CESIDek beste pisu bat zuen handik gertu—. Auzia epaitegietara iritsi zen, eta CESIDeko bi zuzendariri hiru urteko espetxe zigorra ezarri zien Arabako Probintzia Auzitegiak, baina Auzitegi Gorenak bi arduradun horiek errugabetu zituen gerora.

Urteotan, alderdi abertzaleetako ordezkariek hainbat aldiz salatu dute euren solasaldiak espainiar egunkarietan argitaratuta ikusi dituztela. 2013ko azaroan, Sortuk, LABek eta Ernaik salatu zuten Ernairen egoitza ondoko etxe batean grabatzeko aparailuak atzeman zituztela. Salaketa horiek ez dute ondoriorik izan.

Erakunde eta alderdi abertzaleak ez dira bakarrik Espainiako zerbitzu sekretuen helburu izan. FBIk 1938tik 1947ra bitartean, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko ordezkaritza zelatatu zuen. Maria Angeles Ordaz historialariak horri buruzko lana egin zuen, desklasifikatutako paperetan oinarrituta.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide