Azkenaldian sortutako serie politikoen artean mamitsuenetako bat da Baron Noir, esaldi gogoangarriz eta aipamen klasikoz josia. Seriean aipatzen da Sun Tzuren klasiko bat: «Aukeratu zure etsaiak, ez zure lagunak». Hori izaten ari da EH Bildu egungo aliantza politikaren premisa azken urteetan, eta, neurri batean, horrek azaltzen du atzo Espainiako Kongresuan Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko dekretuari emandako aldeko botoa: Sanchezen gobernua —gaur egungo aliantzen bidez— sostengatzeko beharra.
Atzo, dekretua onartu eta gutxira, Voxek hartu zuen hitza Espainiako Kongresuan, sekretu ofizialen batzordea osatzeko eztabaidan. Macarena Olona eskuin muturreko diputatuak, Andaluziako hauteskundeei begira jada, tonua are gehiago igo zuen: atxiloketa baten kontakizuna eginez, torturatuei iseka egin zien. Hori da PPren egungo bazkide nagusia, eta, beraz, gainerako alderdientzat galarazi beharreko gaitza; espioitzaren apologia eta torturaz barre egiten dutenei gobernabiderako atea ixtea.
Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen blokeak ez du erronka erraza; nola eutsi Sanchezen gobernuari, nola eutsi Sanchezek bere ezkerrera begiratzen jarraitzeari, txeke zuririk eman gabe; kalteak saihesteaz harago, garaipen batzuk lortuta. Rolen banaketa horretan, atzo EAJk eta EH Bilduk modua eman zuten gobernuak dekretua aurrera ateratzeko, Pegasus programaren bidezko espioitzaren auziak ordainagiri garestiagoa utzi baitu Katalunian Euskal Herrian baino. Haserrea ezezko botoaren bidez adierazi diote katalanek Sanchezi, baina gobernuak inbestidurako blokeari eutsi dio.
Gertatu zitekeelako beste modu batera; gobernuak, orain arteko babesak galduta, begiratu zezakeen eskuinera. Atzo, Enric Juliana La Vanguardia egunkari katalaneko kazetariak laburpen argigarria egin zuen sare sozialetan: «PPrentzako lurreratze pista gau osoan aritu dira asfaltatzen. Baina politika erreflexu kontu bat da. [PPko presidente Alberto] Nuñez Feijook zalantza egin du: abstentzioarekin, legealdia leherrarazi zezakeen Margarita Roblesen eskutik. Vox pisu astuna da eskuineko aldean. Bilduk ez du zalantzarik egin». Itzulpena: PP prest zegoen Sanchezen dekretuaren aurrean abstenitzeko eta, horrela, egungo aliantza sistema iraultzeko. Koalizio Handi tazito bati bide emateko. Ez zen ausartu, eskuin muturraren hazkundearen beldur.
Julianaren arabera, EH Bilduren mugimenduak zapuztu du jokaldia, baina PSOEren tentazioak agerikoak dira; Nafarroako Parlamentuari begiratu besterik ez dago. Navarra Sumako bi transfugek eragotzi zuten PSOE-UPN akordioak aurrera egitea, baina akordioa egon bazegoen. Ondoren etorri ziren Hitzarmen Ekonomikoari buruzko adostasuna eta, atzo, PAI. Urtebete falta da hauteskundeetarako, eta jokoa espazioak okupatzean datza; ezkerrak hartzen ez dituen aliantzak eskuinak hartuko ditu, bere mundu ikuskeraren mesedetan.
Ikusteko dago PSOEk eta PSNk nora begiratu nahi duten Nafarroako eta Espainiako legealdiak amaitzeko. Gehiengo egonkorrak zituzten, baina Nafarroan tentsioa gora doa, eta Espainian, lan erreformari buruzko bozketa eta atzokoa ozta-ozta gainditu ditu. Baron Noir-eko beste esaldi baten adibide praktikoa, agian: «Politikak jazzaren antza du. Nota bat gaizki joz gero, nota horixe jotzen segitu, eta hortxe izango duzu kultuko inprobisazio bat».
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide