Azken egunetako gertakarien inguruan Ernaik bere kontakizuna egin du publiko BERRIA egunkarian. Egiazki, auzia «azken gertakarietatik» haratago doa, Ezker Abertzaleak azken urteetan Mugimendu Sozialistaren aurrean eduki duen jarrera suntsitzailearen ondorioak baino ez baitira gertakari horiek. Ernaik eta, oro har, Ezker Abertzaleak, gatazkaren dimentsio hori isilpean mantentzeko hautua egin dute beste behin, dagokion erantzukizuna alboratuz eta gertakizunen inguruko kontakizun interesatu eta manipulatua eskainiz.p>
Ernairen artikuluaren intentzionalitatea ulertzeko garrantzitsua da astelehen honetan Euskal Herriko Kontseilu Sozialisten adierazpena kontuan hartzea. Izan ere, bertan garbi adierazi genuen minimo batzuk errespetatuz gero, Mugimendu Sozialista prest dagoela Ezker Abertzalearekin negoziatzeko eta ahal dugun neurrian kaleetako egoera lasaitzen laguntzeko. Ez da asko eskatzea, minimo batzuen inguruan hitz egiten ari baikara: txosnetako beto politikoa bertan behera uztea, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea errespetatzea eta militante sozialisten aurkako gezur eta difamazioak etetea. Finean, Mugimendu Sozialistaren aurkako intoxikazio kanpaina gelditzea eta komunismoaren politika egiteko baldintzak errespetatzea. Bada, artikulu horren bitartez (baita bestelako adierazpenen bitartez ere) Ezker Abertzalearen asmoak zein diren argi ikus daiteke: komuniston jarduna kriminalizatu nahi dute, orain arteko suntsipen estrategiarekin jarraitu ahal izateko.p>
Bitartean, beraien posizioa justifikatzeko kontakizun bat sortu dute, zeinak gertakariak eta militante sozialisten izaera karikaturizatzen dituen: batetik, biolento irrazional gisa definitzen gaituzte (gertakarien gure kontakizuna zuzena dela frogatu bada ere) eta, bestetik, beraien interes alderdikoientzat darabiltzaten «herri mugimenduaren» eta «auzoaren» etsaitzat jo gaituzte, gatazkaren muina erabilerarik gabe zeuden aulki batzuen inguruko auzira modu absurdoan murriztuz. Horrela, beraiek aniztasunaren bandera faltsuaren ordezkari gisa azaldu nahi izan dute beraien burua, eta komunistak, kontrara, dogmatiko eta sektario moduan aurkeztu gaituzte, errealitatean adierazten denaren kontrara.p>
Sinplifikazio eta intoxikazio testuinguru hori sortzeak helburu jakin batzuk ditu, besteak beste, lehengo jarrera suntsikorrarekin jarraitzeko eta egiten dituzten erasoak justifikatzeko ulermen markoa eratzen baitu. Gertakariak sinplifikatzeak eta karikaturak egiteak ez du heldutasun politikorik adierazten; kontrara, nahasmendua dute helburu, egoera baretzeko baldintzak ezabatuz eta erantzukizunak alboratuz.p>
Baina azken aste honetako gertakariak ezin dira ulertu azken urteetan Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialistaren aurka sostengatu duen kanpaina kontuan eduki gabe: gezurrak, difamazioak, bazterketa sozial eta mediatikoa... Azkenengo hilabete eta asteetan areagotu egin da joera hori: beto politikoak txosnetan, ezkutuko grabaketak, arrazoi ideologikoengatik legez kanpoko lan kaleratzeak, eraso fisikoak, heriotza mehatxuak eta abar luze bat. Intoxikazio egoera hori ez da pertsona bat edo besteren ardura, EH Bildu eta Sortuk egindako apustu politikoaren adierazle baizik, eta hori da Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek salatu dutena.
Berretsi egiten gara asteleheneko adierazpenean esandakoan: komeni zaigu egoera hobetu eta aterabidea ematea, baina ezinbestekoa da minimo etiko eta sozial batzuk errespetatzea. Ez gaude interesatuta egoera honetan, proiektu sozialistaren indar guneak beste batzuek direlako: eztabaida arrazoitua eta kapitalaren dinamikari aurre egitea. Gainera, kaleetako tentsioaren gorakada arazo orokor bihurtu da eta ez dio inori mesede egiten, militatzeko baldintzak okertu eta politikarekiko desatxikimendua eragiten baitu gazteria langilearengan. Egoera baretzeko baldintzak badaude, guk geuk adierazi baitugu negoziaziorako borondatea, baina beraiek dira horretarako baliabideak dituztenak. Jokoan daudenak langileriaren eskubide politikoak eta militatzeko baldintzak direlako.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.