Asteburuan Donostian gertatutako erasoak direla-eta sortutako eztabaiden harira, eta gertakarien larritasuna dela medio, ezinbestekoa ikusten dugu hainbat elementu mahaigaineratzea.
Sareetan eta ahoz aho zabaldutako errelato interesatuaren baitan, garrantzitsua iruditzen zaigu azken asteetan gertatutakoaren gaineko argipenak ematea: pasa den astean, Donostiako Alde Zaharreko Kijera gaztetxetik herri mugimenduaren materiala lapurtu zuten GKSko hainbat militantek. Horren aurrean Gazte Asanblada bildu eta egindakoa zuzentzeko eskatu zitzaien; hauek entzungor egin zuten. Testuinguru horretan Gazte Asanbladak kide horiek kanporatu zituen. Hurrengo egunetan tentsioak gora egin zuen, larunbatean GKSk modu antolatuan auzoari eraso egin eta auzokideak jipoitzeraino.
Herri mugimenduaren aurkako erasoak dira azken egunetako mehatxu eta jipoiak. Nahiz eta azken egunetakoak ez diren Euskal Herrian gertatutako eraso bakarrak izan, gu guztiok haien asmo politiko propio eta partikularretara makurrarazteko biolentzia antolatua erabiltzeko jauzia eman dute.
Bestetik, GKSren azken irakurketan eta agerraldian agerikoa da fokua desbideratzeko ahalegina. Egindakoaren (lapurretak eta jipoiak) erantzukizunik hartu nahi ez duten arren, onartezina da gertatutakoa, baita ez ikusiarena egitea ere. Onartezina da herri mugimenduaren aurka biolentzia antolatua erabiltzea. Eta are larriagoa da gertakari horietatik etekin politikoa atera nahian erabiltzen ari diren errelatoa eta diskurtsoa. Gainera, EH Bildu eta Sortu interpelatzea hauek daukaten foku mediatikoaz probestea da, GKSren diskurtsoa hedatzeko eta Ezker Abertzalea higatzeko.
Zentzugabea da eta guztiz lekuz kanpo dago horrelako jokamoldeak erabiltzea auzoarentzako lanean dabiltzan bizilagunen aurka. Asmo argi batekin jarduten dute: beraien korporatibismoa indartzea, horretarako edonoren eta edozeren gainetik pasa behar badute ere komunismoaren banderaren aitzakiapean. Horrelako jokamoldeek ez dute lekurik gure herri eta auzoetan.
Arriskutsua eta arduratzekoa iruditzen zaigu GKSk darabilen mehatxuen dinamika. Egoera hobetze bidean ez dute negoziaziora dei egiten, marra gorrien atzean ezkutatutako xantaia egin baizik. Horrelako jarreretatik kanpo kokatzen dugu geure burua. Jazotako gertakarien aurrean dagokien ardura hartu behar dute; biolentzia antolatuak ez du inolako justifikaziorik.
Ikusi gehiago: Ernairen testuari erantzuna
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.