Ekainaren 12an eta 19an, hauteskunde legegileak izango dira Ipar Euskal Herrian, Hexagono osoan bezala. Izan ere, bi itzuliko eskrutinio maioritarioa denez, lehen zein bigarren itzulian ezinbestekoa da barruti bakoitzean gehiengo soil ala osoa lortzea hautatua izateko. Eta jokoan dauden 577 eserlekuetatik 3 Iparraldean aukeratuko dira, nahiz eta 4. barrutia Biarnoaren zati batekin partekatu, horrek abertzaleei kalte egiten dielarik. Horrekin batera, hauteskundeen egutegia aldatu zenetik, hautatua izan den presidente bakoitzak beti eduki du gehiengo parlamentario bat, bere programa gauzatzeko aukera izanez. Ikusteko dago zer gertatuko den aldi honetan, hautesleria ezberdinen mobilizazio-maila erabakigarria izango delarik. Neke demokratikoa nabaria da hauteskunde ziklo luze baten ondorioz, nahiz eta kanpainan zehar bertako problematikek protagonismo berezia eduki duten.
Hain zuzen ere, nahiz eta Frantzian baino parte hartze garaiagoa izan den, bai 2017ko hauteskunde legegileetan eta bai 2022ko presidentetza hauteskundeetan, zundaketa ezberdinek iragartzen dute abstentzio-maila altua izango dela Iparraldean. Zentzu horretan, 2017ko hauteskunde legegileetan ezagutu zenaren antzekoa izan daiteke, jakinik lehen itzulian %41,47koa izan zela 4. barrutian, %47,08koa 5.ean eta %47,01ekoa 6.ean. Are eta handiagoa izan zen bigarren itzulian. Kontua da hauteskunde arauak dioela lehen itzulian lehen bi hautagaiak izan ala gutxienez hauteskunde zerrendetan izena eman dutenen %12,5 eskuratu behar dela bigarren itzulirako sailkatzeko. Horrek esan nahi du, abstentzioa garaia bada, %25 eskuratzea derrigorrezkoa izango dela horretarako. Horren jakitun, hala zentro-eskuinak nola ezkerrak zerrenda bateratuen apustua egin dute.
Preseski, Ensemble izenaren pean aurkezten diren hautagaiek aukera handiak dituzte berriz ere aukeratuak izateko, bereziki 5. eta 6. barrutietan. Izan ere, LREM, MoDem eta Horizons bezalako alderdien babesa dutenez, hautesleria zibikoagoa izanik (batik bat, adineko pertsonek, ikasketa maila garaikoek eta ondare handiagoa dutenek osatzen baitute) eta, azken presidentetza hauteskundeek sortutako dinamika aprobetxatuz, bai Vincent Bruk eta bai Florence Lasserrek benetako aukerak dituzte beren karguak mantentzeko. Nahiz eta azken honek iragan den legegintzaldian ez duen ekimen handirik hartu Ipar Euskal Herriari propioak zaizkion gaiak babesteko orduan, eta aldi honetan ez den hauteskunde kanpaina aktibo bat burutzen ari. 4. barrutiko egoera bestelakoa da, osasun arazoak direla medio, Jean Lassallek ez baitu berriz ere bere burua aurkeztuko eta bera ordezkatuko duen anaiak ez dituelako ibilbide politiko eta karisma berak.
NUPES etiketarekin aurkeztuko diren ezkerreko hautagaien egoera ezberdina da. Epe motzean burututako negoziazio gogor baten ondorioz, Frantzia Intsumituak, Berdeek, Alderdi Sozialistak eta Alderdi Komunistak hautagai bateratuak aurkeztuko dituzte egitarau komun baten inguruan, beren hautesleen aspaldiko eskakizunari jaramon eginez. Horri esker, esperantza delako bat sortzea lortu dute eta estatu mailan plazaratu diren azken zundaketek diote hasieran aurreikusten zen baino eserleku gehiago eskuratuko dituela. Iparraldearen kasuan ere, bigarren itzulirako sailkatzeko aukerak handitu dituzte. Hala ere, hiru zerrendaburuetako bi Frantzia Intsumituko ordezkariak izateak, jakinik lurraldearen erakundetzearen ala euskara babestearen inguruan zer-nolako posizioak mantendu dituzten eta ez direla oso ezagunak Iparralde mailan, kalte egin diezaiokete.
Azkenik, abertzaletasunak 2020 eta 2021eko udal eta departamendu hauteskundeetan erdietsitako emaitza onei jarraipena eman nahi die. Gogoratu dezagun, Urruña, Ziburu ala Itsasu bezalako Herriko Etxeak eskuratzeaz gain, EH Baik gora egin zuela bai ehunekoetan (%24,68) eta bai bozka kopuruetan, abstentzioa oso garaia izan arren. Zentzu horretan, alderdi abertzalearen helburua 2017ko hauteskunde legegileetan lortutako emaitzak hobetzea da, %10,42 eskuratu zuela jakinik, eta, ahal izanez gero, barruti batean, bigarren itzulirako sailkatzea. Kontuan izan behar da duela bost urte Peio Etcheverry-Ainchart ez zela bigarren itzulirako sailkatu %3,28rengatik. Nahiz eta hauteskunde legegileak ez diren hobekien datozkionak, estatu mailako kezkek lehentasuna baitaukate, kanpainan zehar EH Baik lortu du, maila batean behintzat, Iparraldeari propioak zaizkion gaiak hauteskunde eztabaidaren erdigunean jartzea, hala nola etxebizitza, euskara ala bake prozesua.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide